Surfin Kaos hirukoak 20 urteko ibilbidea taula gainean ospatuko du
Intxaurrock jaialdiak iragarri zuen haien itzulera, eta, orain, taldeak berak baieztatu du sare sozialetan: “Gezurra badirudi ere, 20 urte pasa dira Surfin Kaos jaio zenetik. Hau ospatzeko, Intxaurrondoko kultur etxean izango gara abenduaren 17an”. Hain zuzen ere, Nuevo Catecismo Catolico beteranoen festan parte hartuko dute.
Ez da emango duten kontzertu bakarra izango, 20. urteurrena ospatzeko zuzeneko gehiago eskaintzeko asmoa dutelako. Koldo Soret (gitarra eta ahotsa), Ibon Etxebeste (bateria) eta Dabid Gil (bateria) musikariak agertokietara itzultzeko prest daude.
2002ko urtarrilean sortu zen Surfin Kaos taldea Intxaurrondoko gaztetxean punk rocka jorratzeko. Lehen grabazioa 2003an plazaratu zuten, eta gerora beste hiru lan argitaratu dituzte: BizzionBizzi (Oihuka, 2005), Tryphyllon (Gaztelupeko Hotsak, 2007) eta Goizalde Surrealistak (Brian’s Records, 2010).