Sara Elhoussiny Egiptotik etorri zen duela hamar urte baino gehiago Donostiara. Amara Berriko Olaeta plazan elkartu gara, senarrak Urrats euskaltegitik aterata hiru alabak jasotzen dituen bitartean. «Gure gurasoak ez daudenez hemen, horrela ibiltzen gara, malabareak egiten», dio irribarrez. Umorez eta zorroztasunez hitz egin digu bere lanaz eta bizipenez.

CEAR gobernuz kanpoko erakunde bat da; asiloa eskatzen duen jendearekin lan egiten dute. Kasualitatez ezagutu zuen CEAR Sara Elhoussinyk (Kairo, Egipto, 1985). «AEBetako presidente ohi Donald Trumpek atzerritarrei herrialdera sarbidea mugatu nahi izan zienean, asko-asko haserretu nintzen; zerbait egin behar dut, erabaki nuen». Elkartea topatu zuen orduan, eta boluntario moduan aurkeztu zuen bere burua. Haiekin harremana egin ostean, curriculuma utzi, eta denbora batera profesionalki hasi zen bertan lanean.
Izan ere, Siriako errefuxiatuen krisi globala piztu zenean, 2014aren bueltan, gainezka egin zieten asilo eskariek, eta orduan deitu zuten Elhoussiny lanerako: «Hasieran integratzaile moduan aritu nintzen, eta gaur egun administrari moduan nabil». Izugarrizko hazkundea izan du egitasmoak: hiruzpalau ziren, eta 30 bat dira gaur egun, Donostiako egoitzan.
«Hainbeste jende izateko arrazoia, ez da asilo eskaerak hamar aldiz handitu izana», argitu du Elhoussinyk: «Espainiako Gobernuak beste modu batean heldu dio azken urte luzeetan gaiari, eta horregatik ari da hazten. Askotan, alderantziz da, etxebizitzak ditugu libre, asiloa eskatzen dutenentzat». Nabarmendu duenez, asiloaren auzian badira asilo politikoa eskatzen dutenak, beren herrietako gatazketatik ihesi, baina badira ere bestelako auziengatik eskatu dutenak.
Bidelaguntzaren bide luzea
Asiloa eskatzen dutenek programa batean parte hartzeko eskubidea dutela kontatu du Elhoussinyk: «Gizarte laguntzak, laguntza ekonomikoak eta laguntza psikologiko edo juridikoak». Laguntza ekonomikoak programarekin batera amaitu egiten dira, baina psikologikoak eta juridikoak, adibidez, behar diren denbora guztian eskaintzen dira.
Hiru fase daude: lehenengoan asiloa eskatzen du pertsonak, polizia etxean jasotzen den eskaria betez. Hortik aurrera harrera etxe batean egongo dira denboraldi batez, gizarte langile eta teknikarien bidelaguntzarekin: «Inoiz ez dago bakarrik, beti izango du norbait alboan». Bigarren fasean, independienteagoak dira, eta asiloa eskatu duenak, edo bere familiak, etxebizitza bat alokatu dezakete, eta denboraldi batez jarraipena egiten zaio». Hirugarren fasean, «ulertzen dugu integratuta egoteko baldintzak dituela, eta diru laguntzak eten egiten dira eta soilik kontaktua mantentzen dugu. Hain zuzen, gehiengoak ez du berriz ere laguntza eskaerarik egiten, soilik gauza teknikoetarako».
Egun, Elhoussinyk ez du harreman handiegirik asiloa eskatzen duten pertsonekin, administrazioan ari baita lanean. Baina, lehen, bai: «Lehen, egundoko harremana nuen, egun bat bai, eta bestea ere bai».
Siriako iheslariekin egin behar izan zuen lan gehien: «Egiptoko eta Siriako dialektoen artean ez dago horrenbesteko alderik, eta pertsona aproposena izan nintzen». Bestetik, oroitzen duenez, garai horretan Latinoamerikatik etorritako pertsona ugari ere izan ziren: «Gipuzkoara etortzen ziren gehienak haurrak zituzten emakume ezkongabeak edo alargunak izaten ziren».
Ondo oroitzen du egin zuen lehen esku hartzea: «Espainiako Estatuak hainbat errefuxiatu siriar hartzeko hartutako konpromisoaren ondoren, handik eta hemendik mugitu zituzten hiru familia siriar. Gipuzkoara bidali zituzten, autobusean, artean ezertxo ere ulertzen ez zutela. Haien aurpegiak oroitzen ditut; Madrildik Donostiara haien hizkuntza ezagutzen zuen inor ere ez zuten gurutzatu, ez zekiten nora zihoazen. Ni iritsi nintzenean, beraien hizkuntza bera hitz egiten eta egoera azaltzen, ezin zuten sinistu ere egin: haien salbatzailea nintzela pentsatzen zuten. Oso ederra izan zen».
Gizarte langileak, kasualitatez
Elhoussinyren senarra da Ramy Kamel (Egipto, 1985). Zabalduz kooperatibako langilea da egun, eta UBA adingabeentzako Harrera Egoitzako kudeaketan egiten du lan. Babesgabetasun eta gizarte bazterketa egoeran dauden nerabe eta gazteekin esku hartze sozialaren esparruan lan egiten dute eta Foru Aldundiaren Babes eta Inklusio sareko hainbat errekurtso erresidentzial kudeatzen dituzte.
Kamel eta Elhoussiny, biak ari dira gizarte laguntza oinarri duten egitasmoetan lanean. Baina «bitxia» dela aitortu digu: «Ez senarrak eta ez nik, sekula ez genuen honetan pentsatu». Izan ere, lan horietan ondo moldatzen direla sentitzen du; bestelakoetan ez bezala: «Lehenago, lan bila ari nintzenean ez nuen aukerarik inoiz».
Egipton banketxe batean lan egiten zuen, baina hemen «ezinezkoa» zitzaion, «bere itxuragatik»: «Curriculumetik nire argazkia kendu nuenean hasi nintzen lehen lan elkarrizketak izaten».
Ustekabean, Donostian
2008an etorri zen Kamel Euskal Herrira, eta 2011n Elhoussiny. Kamelek Filologia Hispanikoa ikasi zuen Egipton, eta hemengo familia batekin harremana zuenez, gonbidapena jaso zuen hilabete batzuez ikasteko. «Urtebeterako etorri zen hasieran, baina elkar ezagutu genuenean, bertara etortzeko gonbidapena egin zidan: bi urtetxo egongo gara hemen».
«Nik beti atera nahi izan nuen Egiptotik, baina Europa ez zen nire ametsa, inondik inora. Beraz ni plan horretan etorri nintzen, bi urte sabatiko egitera, hizkuntzak ikasteko; eta azkenean, ohartzerako, hemen gelditu ginen».
Lehen alaba jaiotzerakoan, 2014an, bertan gelditzea erabaki zuen bikoteak.
Gainera, Egiptoko egoera hor zegoen: 2011. urtean Tahrir plazan hasi zen iraultzak, Hosni Mubarak presidentearen dimisioa ekarri zuen –30 urteko agintaldiari amaiera emanez–. Militarrek osatutako gobernu bat jarri zuten.
Elhoussynirentzat 2011 izan zen inoiz egon den egoerarik hoberena bere herrialdean. Zergatik? «Esperantza egon zelako, lehen aldiz. Gauzak hobetuko zirela pentsatzen zuen inozoetako bat nintzen ni». Gerora ikusi zuen ezetz, okerrera egin zuela: «Mubarakekin egoera txarra zen, eta ustelkeria izugarria zegoen. 100 euro bazeuden lan bat egiteko, lan hori 50 eurorekin egiten zen. Orain, ez dituzu ezta 50ak ikusten. Oso gaizki dago egoera».
Kultura talka
Batzuetan pena du hemen geratzeagatik, baina hemen eraikitzen ari diren bizitzak Egipton ezinezkoak izango direla uste du: «Euskal Herrian ezin zara aberastu, baina zerbitzu publikoek bizitza duinago bat ematen dizute».
Familiarekin ez egotearen pena izaten du, baina astero egiten dituzte bideo deiak. Pandemia ostean, gainera, urtero itzultzeko erabakia hartu dute: «Pandemia aurretik joatekoak ginen, eta ezin izan genuen. Espero dugu ez berriro gertatzea». Azkena, udara honetan izan da.
«Egiptora itzulera eromena izaten da da», kontatzen du. «Hiru alabak familiako kutunenak dira hor, eta nahi dutena egiten dute: nahi duten orduan egiten dute lo, nahi dutena jaten dute… Urtean hamaika hilabetez ordena mantentzen dugu, eta hilabete bateko kaosa [barrez]».
Txoke kulturala badagoela sumatzen du: «Etxean arabiar kultura mantentzen dugun arren, badira alabek oraindik ulertzen ez dituzten kontu batzuk». Beloaren gaia aipatu du: «Emakumeak hijabik gabe ikusten dituztenean pentsatzen dute ez direla musulmanak. Alabei kontatzen diet erabaki bat dela: badira emakume musulmanak eramatea erabakitzen dutenak, eta badira ez eramatea erabakitzen dutenak».
Donostian hijaba eramateaz ere hitz egin du: «Orain, ondo daramat, baina, lehen, ni nintzen bakarrenetakoa. Niretzako oso garrantzitsua da, nire parte bat dela iruditzen zait; hijabik gabe, ez dut neure burua ikusten». Askotan eman behar izan du azalpen hau: «Gainera, jendea galdetzeko irrikaz egon ohi da, baina ez daki nola galdetu ere». Nabarmentzen du milaka errealitate ezberdin dituztela emakume musulmanek, eta berea bat gehiago dela, «hau nire iritzia besterik ez da». Izan ere, Egipton ere, hijaba eramateagatik lan batzuk lortzea zailagoa dela dio, «hemen bezala».
Izan ere, tamalez, ohituta dago guztien begiradapean sentitzea, «famatua izatera». Aurreiritzien aurrean, ordea, hoberena hitz egitea dela uste du: «Beti saiatzen naiz ate bat irekitzen, elkarrizketarako, eta ulertzen saiatzeko». Hurbiltzen garenean, ulertu egiten dugulako. Eta ulertzerakoan errespetatzen ikasten dugulako.
Islamofobiaren itzala
Islamofobia existitzen dela uste du Elhoussynik. Baina ez dela betiko kontu bat. «Mendebaldeko gizarteak beti behar du etsai bat. Lehen, komunistak edo errusiarrak ziren. Gaur egun, musulmanei tokatzen zaigu sufritzea leku guztietan». AEBetako irailaren 11ko atentatuen ostean hasi zen eraikitzen mundu mailako etsai hau, eta gorrotoa dela oinarri uste du. «Oroitzen dut nola behin kaletik oihu egin zidaten: ‘Itzuli zaitez Marokora!’. Ni? Sekula ez naiz eta bertan egon!».
Charlie Hebdoren kontrako atentatuak izan zirenean, deiak jaso zituen Elhoussynik, eta etxetik ez ateratzeko eskatu zioten. «Horrelakoak gertatzen direnean, arriskuan gaudela sentitzen dugu». Bikoitza da arriskua: «ISISekoak hona baldin badatoz, gu izango ginateke hiltzen dituzten lehenak, haientzat Islamaren kanpo bizi garelako».
Edonola ere, gizartean gaia lantzeko aukera ikusten du. Hori egin dute Amara Berriko ikastetxeko gurasoen artean, Familia Lagunak egitasmoari esker: «Orain, Amara Berriko gurasoek, badakite nongoak garen, zeintzuk diren gure ohiturak, eta elkar ezagutzen dugunez, errespetu handiagoa dagoela uste dut».
Erreportaje hau Elkarrekin Koop Txikiaren Ongi Etorri Eskolara
proiektuaren eta Irutxuloko Hitzaren elkarlanaren bidez egin da,
Donostian kultur aniztasuna lantzeko asmoz.