Donostia Sutan 1813-2013 elkarteak egindako eskaera da aurrekaria
Parte Zaharrean erdigunean dagoen plazaren izena Plaza Berria izateko idatzia erregistratu zuten 2013an udaletxean. Presioak tarteko, ez zen aurrera eraman.
Plaza Berria izenaren aldeko aldarria ez da berria. Aurretik, Donostia Sutan 1813-2013 elkarteak egin zion Donostiako Udalari eskaera ofiziala, 2013an. Parte Zaharraren bihotzean dagoen plazaren izena Plaza Berria izan behar zuela aldarrikatu zuten. Batez ere, 1813ko sutearen aurretik hori zelako herritarrek jarritako izena. «Bere historian beste izen batzuk izan baditu ere, inoiz jatorrizko izen hori ez du galdu. Donostia erre eta berreraiki zuteneko bigarren mendeurrena oroitzen ari garen honetan, garai hartako herritarren borondatearekin bat egiten dugu», dio udaletxean erregistratu zuten idatziak. Hain zuzen ere, 2013. urte hartan 200 urte bete ziren Donostia erre zutenetik.
Eskaera horren harira, Irutxuloko Hitzak Donostia Sutan elkarteko Jexux Arrizabalagarekin eta Josean Catalanekin hitz egin zuen. «1813an auzo guztiarekin batera plaza hori suntsitu zuten, Plaza Berria izena zuen eta berreraiki zutenean izena aldatu zioten. Beraz, Donostia Sutan elkartearentzat lotura zuzena du gertaerak eta eskaera egitea pentsatu dugu», azaldu zuen Catalanek.
Donostia Sutan elkarteak eskaera ofiziala egin baino hilabete batzuk lehenago, ‘Plaza Berria 1722-2012’ zioten plakak azaldu ziren plazaren lau sarreretan. Horrek eztabaida sortu zuen udal taldeen artean. Bildu zegoen agintean, eta oposizioak plaka horien agerpena kritikatu zuen. Zehazki, PSE-EEk Juan Karlos Izagirre alkateari eskatu zioten plaka horiek kentzeko. Udalak, ordea, ez zituen kendu. Horrela ere, zeuden lekutik desagertu ziren.
Konstituzio plazak 200 urte
2017an 200 urte bete ziren Konstituzio plazaren lehen harria jarri zutenetik, eta 70 urte udaletxea Konstituzio plazatik Alderdi Ederrera eraman zutenetik. Eneko Goia alkatea buru zuen udal gobernuak hainbat jarduera antolatu zituen urteurrena ospatzeko. 2017ko San Joan bezperaren bueltan izan ziren guztiak, eta esanguratsuena Donostiako Orfeoiak plazan bertan eskainitako doako kontzertua izan zen.