"Erosotasun puntu bat galdu behar dugu"
Mikel Yoldik (Parte Zaharra, 1993) Gazte Ekoliderrak egitasmoan hartu zuen parte iaz, gazteak jasangarritasunean eta lidergoan trebatzea helburu duen formakuntzan. Kutxa Ekoguneak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen dute, eta aurtengo ediziorako izen ematea zabalik dago abenduaren 2ra arte. Bere esperientzia azaldu digu Yoldik.
Zergatik erabaki zenuen Gazte Ekoliderrak programan parte hartzea?
Txikitatik interesatzen zaizkit jasangarritasunarekin lotutako gauzak: natura, gizakiok egiten ditugun basakeriak eta beste kontu asko. Programan parte hartu arte interesa zen, besterik gabe, baina pauso bat gehiago emateko beharra sentitzen nuen. Gauza horietan gehiago sakondu nahi nuen, teorikoki, eta, batez ere, praktikoki. Jendearekin eztabaidatzeko aukera bat behar nuen, nire egoera berean zegoen jende gehiago ezagutzeko, eta proiektua aukera ona iruditu zitzaidan talderen batean sartzeko.
Jasangarritasuna txikitatik interesatzen zaizula esan duzu. Zergatik?
Bai, topikoa emango du orain urteurrena delako, baina interesa piztu zidan Prestige kasuko Nunca Mais mugimenduak eta Prestigekin gertatu zen guztiak. Garai hartan 9 urte inguru nituen, eta gogoratzen naiz gurasoekin hondartzak garbitzera joaten ginela, animalia asko hondartzetan eta haitzetan hilik agertzen zirela, eta uste dut horrela hasi nintzela mundu honetan murgiltzen. Horrez gain, aitonaren baratzean betidanik ordu asko pasa izan ditut, eta naturarekin konektatze hori txikitatik jaso izan dudan zerbait da.
Ingurumenarekin lotutako ikasketak dituzu?
Kimikaria naiz, beraz, zientziarekin lotutako ikasketak ditut. Gaur egun, irakaslea naiz Errenteriako Egiluze ikastetxean. Zalantzan egon nintzen ingurumenarekin lotutako zerbait ikasteko, baina argi neukan irakaslea izan nahi nuela, eta horretarako biderik egokiena Kimika ikastea zen niretzat.
Zertarako balio izan dizu Gazte Ekoliderrak proiektuak parte hartzeak?
Ohartu nintzen nire ekintza txikiekin ekarpenak egiteko aukera dudala. Egunerokotasunean egiten nuena aztertzen hasi nintzen, eta gaztea izanik, jabetu nintzen orain dela unea gure bizitzan lehenengo urrats garrantzitsuak egiteko. Proiektuak pauso horiek modu kontziente batean ematen lagundu dit, eta argitzen nondik joan nahi dudan, zer izan nahi dudan etorkizunean, nola bizi nahi dudan eta nola zaindu nahi dudan nire inguruan dagoena. Horrez gain, indartsuago sentitu naiz, eta ikusi dut ez naizela hain txikia. Zerbait egin nahi badut, orain errazagoa iruditzen zait hori egitea.
Proiektuan ikasitakoari jarraipenen bat eman al diozu?
Uste dut orain pertsona desberdin bat naizela. Gazteekin egiten dut lan, eta horrez gain, ikastetxeko Agenda 2030 proiektuaren arduraduna naiz. Horren bidez, Gazte Ekoliderretan sortu den Mikel horri jarraipena ematen diodala iruditzen zait. Agian ez nago ekintzailetzan edo elkarte batean sartuta, baina nire egunerokotasunean beste modu batean ikusi eta sentitzen ditut gauzak: beste kritikotasun batekin, lasaitasunez eta ausardiaz. Gainera, gazteak jasangarritasunaren inguruan kontzientziatzen saiatzen naiz.
Ekologikoki, nola dago mundua zure ustez?
Uste dut gizarteak, orokorrean, teorikoki dena oso ondo dakiela, baina nik ikusten dudanaren arabera behintzat, ekologia ez da lehentasun bat. Iruditzen zait ez ditugula eman beharreko pausoak ematen. Denok dakigu zer egiten dugun gaizki gure egunerokotasunean, baina ez bagaituzte behartzen, ez da ezer aldatzen. Eta politikoki zerbait egitera behartzen gaituztenean, kontra egitea oso erraza da. Gauza gutxiegi egiten ditugu egin dezakegun guztia ikusita. Gauza asko egin daitezke esfortzu handirik gabe. Ez dakit interesak edo botoak diren, baina gizartearen esfortzua ekologiaren inguruan oso eskasa dela iruditzen zait.
Zer behar da oztopo horiek gainditzeko?
Gizartearen parte handi bat mobilizatzea eta jendeari ekintza batzuk egitera derrigortzea. Horretarako gazteok indar handia dugu, izan ere, mobilizazio askotan gazteak izaten dira presentzia gehien dutenak. Gure belaunaldiak, oso gaztetatik jaso dugun informazio guztiarekin, aldatu egin beharko luke gure gurasoek eta aiton-amonek sortu duten guztia. Pixka bat kritikoa izanda eta perspektibarekin ikusita, jabetzen gara gaur egun dugun egoera hau gure aiton-amonek sortu dutela. Historian ez dugu askoz urrutirago joan behar ikusteko Industrialiazioaren garaitik hona gizarteak eman dituzten pausoek sortu dutela gaur egungo egoera. Beraz, gure belaunaldiari tokatzen zaio orain horri buelta ematea, sistema berriro aldatzea, eta gizartearen kontsumismo itsusi honekin amaitzea.
Nola aldatu da kontsumismoa duela urte batzuetatik hona?
Gaur egun, dena erosi eta dena botatzen dugu. Horri buelta handi bat eman behar diogu berriro ere atzera itzultzeko. Gure aiton-amonen gurasoek naturarekin konexio handia zuten, nire kasuan behintzat. Nire familia baserritik dator, eta uste dut beraiek oso kontziente zirela eta bazekitela beraien ekintza guztiek zer ondorio zituzten. Denborarekin, galdu egin da hori.
Fridays For Future bezalako egitasmoak nola baloratzen dituzu?
Ondo baloratzen ditut, behintzat zerbait badirelako. Uste dut ez direla nahikoa eta pixka bat azalean geratzen direla. Zerbait gehiago behar da, eta askoz jende gehiagok hartu behar du parte zerbait horretan. Jende asko atera behar da kalera esateko nahikoa dela eta ez dugula hau horrela izaterik nahi. Beraz, horrelako ekimenak ondo ikusten ditut, ezer baino hobeto direlako, baina uste dut Fridays For Future batekin ez dela dugun egoera aldatuko.
Norberak egin dezake ahalegin bat ingurumena aldatzeko, ezta?
Zalantzarik gabe, eta hori behar da: konturatzea pertsona bakoitzaren ekintza txiki askok gauza asko aldatzen dituztela. Eta ekintza txiki horiek egiteko, agian, erosotasun puntu bat galdu behar dugula.
Jendeak kontzientzia falta du zure ustez?
Jendea kontzientziatzea da lehenengo pausoa, baina uste dut parte handi batean pertsona asko direla kontziente. Hala ere, egunerokotasunean ez zaienez derrigotzen gauzak modu batean egitera, beraien inguruak egiten duenean erortzen dira, sistemak bultzatzen duen horretan. Gauza bat da zuk teoria ezagutzea eta egoera zein den jakitea, baina gero kontsumitu, erosi eta bota egiten duzu. Kontzientziatzea gauza bat da, baina nik uste dut behar dena politikoki derrigortzea dela. Hori da konponbide bakarra nire ustez, baina arazoa da politikoki zerbait derrigortzera hurbiltzen direnean, oposizioan dagoen edonorentzat oso erraza dela botoak lortzea. Eta gurpil horretan bueltaka, azkenean lortzen dena da inongo pausorik ez ematea.
Legea da, beraz, aldatu behar dena.
Bai, zalantzarik gabe. Niretzat ideala litzateke alderdi politikoen gainetik norbaitek legeak jartzea. Kasu honetan, gure sistema politikoan, Europako Batasunak, Nazio Batuak edo eztakit nork egin beharko lukeen. Baina argi dago alderdi politikoen gainetik dagoen norbait izan behar dela. Politikarien jokoan uzten badugu, badakigu hor pilota biraka hasten dela, baina ez dela inora iristen.
Orokorrean, nola baloratzen duzu Gazte Ekoliderrak proiektuan bizi izan zenuena?
Oso gustura sentitu naiz formakuntzan zehar, eta ezagutu dudan jendea ere oso garrantzitsua izan da niretzat. Denbora gutxi egon naiz beraiekin, baina gure alorreko pertsonekin elkartzen garenez, oso konexio estua sortu da gure artean. Oso positiboa izan da niretzat, eta badakit beste askorentzat ere horrela izan dela.