Izana ez du izen
Parte Zaharreko Plaza Berriak 300 urte bete ditu, eta herritar batzuek jatorrizko izena aldarrikatu dute urteurrenean. Bihar eguerdian plazan elkartuko dira topa egiteko, abesteko eta dantzatzeko. Gaur egun, izen ofiziala ‘Konstituzio plaza’ bada ere, hiritarrei eraiki zenean jarri ziotena erabiltzeko eskatu diete: ‘Plaza Berria’.
Izena duen guztia omen da. Esaera zahar hori gogora ekarri du berriki Donostian proiektaturiko alegiazko eta euskarazko Irati filmak. Parte Zaharreko Antzoki Zaharrean izan zen bi emankizunetako bat. Handik gertu dago auzoaren erdigune den plaza, eta hainbat izen ofizial izan ditu 300 urteko historian: Plaza Berria, Plaza de la Constitucion, Plaza del 18 de julio eta Konstituzio plaza. Auzotarrek Ttun-ttun plaza ere deitu izan diote, eta hiritar askok La Consti eta Konsti erabili izan dute Parte Zaharreko plazari erreferentzia egiteko. Dena dela, herritar talde batek aspaldiko aldarrikapen bat suspertu du plazaren jatorrizko izena erabil dadin. Hori da Plaza Berria Berreskuratu Dezagun egitasmoaren helburu nagusia.
Bihar plazara aterako dira euren aldarrikapenaren berri ematera. 13:00etan elkartuko dira plazaren hirugarren mendeurrena ospatzeko. Plaza Berriaren aldeko topa herrikoia egin, bertsoak eta abestiak kantatu eta dantzarako tartea ere hartuko dute. Irutxuloko Hitzak egitasmoko bi kiderekin hitz egin du: Dani Goñi euskaltzalearekin eta Josu Tellabide historialariarekin.
Parte Zaharreko eta hiriko plaza nagusiaren historia berreskuratu eta nabarmendu dute: «Donostiak XVI. mendean plaza bakarra zeukan harresi barnean, gaurko Bulebarreko tarte batean. Militar okupatzaileek beraien maniobretarako erabiltzen zuten eta hiritarrekin liskarrak sortzen ziren. Horregatik, Hiriko Kontseiluak plaza berria eraikitzea erabaki zuen. 1722ko urtarrilaren 18an inauguratu zuten, eta Plaza Berria izena jarri zioten. Aurrekoa, harresiaren ondoan zegoena, gaur egungo bulebarrean, Plaza Zaharra bilakatu zen».
1813an espainiarren armada aliatuek, alegia, ingeles-portugaldarrek, hiria suntsitu zuten, eta baita Plaza Berria ere. «Zer genozidio eragin zuten badakigu. 1817an berreraiki zuten plaza donostiarrek. 1820an, ordea, ‘Plaza de la Constitucion’ izena inposatu zuten, Cadizko 1812ko konstituzioa goraipatuz. Sociedad Patriotica de San Sebastian izan zen horren eragilea, Donostiako elite liberalaren elkarte espainiarzalea. Aipatu elkarteko sortzailea zen Jose Manuel Collado, eta partaideak Donostiako familia aberatsetako kideak ziren: Etxague jenerala, Joaquin Bermingham, Fermin Lasala, Eustasio Amilibia, Joaquin Calbeton, Brunet anaiak, Claudio Anton de Luzuriaga eta abar. Colladoren etxea egun Intza jatetxea dagoen eraikina zen», azaldu du Tellabidek.
Jose Mujika historialariak dioenez, Donostiako presio talde edo zehazkiago erabaki talde boteretsua bilakatu zen Sociedad Patriotica de San Sebastian elkartea. «Donostiako Udala beraien aginduak betetzera mugatua zegoen, eta horrela, beraiek jarri zuten ‘Plaza de la Constitucion’ izena, udalaren erabakiari itxaron gabe», gaineratu du Tellabidek.
Konstituzio hori eta ondorengoak «ez dira gureak» dio Goñik: «Euskal herritarrek ez zituzten bozkatu eta onartu. Alderantziz, Euskal Herriaren aurkakoak izan ziren. Konstituzio horrek foruen deuseztatzea zekarren berarekin, eta, baita, gaztelania hizkuntza ofizial bakar gisa ezartzea ere. Beste edozein hizkuntza erabiltzeko debekua ekarri zuen administrazioan, eskolan eta abar. Herritarrek, ordea, euskal elebakarrak gehienak, Plaza Berria esaten jarraitu zuten».
1896an Gipuzkoako Diputazioak erabaki zuen herrialdeko kale eta plazak bi hizkuntzatan errotulatu behar zirela. Agindu hori betez, udalbatzak 1897an erabaki hau hartu zuen: Plaza Berria jartzea herritarren ohitura jarraituz. Halere, ‘Plaza Constitucion’ mantendu zuten. «Ez ziren ausartu inposatutako izena kentzen edo ez zieten utzi. Eta ez zuten Plaza Berria errotulurik jarri. Herritarrek, halere, Plaza Berria esaten jarraitu zuten», adierazi du Tellabidek.
1936ko altxamendu militarraren ondoren, ‘Plaza del 18 de julio’ izena jarri zioten. «Euskaraz egitea guztiz debekatua eta zigortua, 18 de julio ez esatearren, herritarrak ‘La Consti’ eta ‘Ko(n)sti’ esaten hasi ziren. Horrek ekarri zuen Plaza Berria izena ahanzturan erortzea», esan du Goñik. Izen hori mantendu zuen frankismoa bukatu zen arte. 1978an Espainiako konstituzioa erreferendum bidez onartu zenean, haren omenez, gerra aurretik plazak zuen izena jarri zioten. «Herri honek onartu ez zuen konstituzioa berriro inposatu ziguten. 1979an Donostiako Udalbatzak erabaki zuen Plaza Berria izena betiko ahanzturara zokoratzea. ‘Plaza de la Constitucion’ euskaraz ere jarri zuten, ‘Konstituzio plaza’ izenarekin. Ukatzen gaituen izena erabiltzen dugu, eta gainera ‘k’ bat jartzen diogu. Zer jatorra, ezta?», kritikatu du Goñik.
Izena eta izana
Plaza Berria Berreskura Dezagun egitasmoak izena eta izana berreskuratu nahi dituela nabarmendu du Goñik: «Donostiarrok Plaza Berria behar dugu, espazioaz gaindi, elkargune, plaza beti berria, garai berrietara egokituko dena, iturri zaharreko ura bezalaxe. Orduko plaza ez da oraingoa, espazioa bera da, baina jendartea ez. Herritarron bilgune berria izatea nahi dugu: euskalduna, euskaratik eta euskaraz birsortuko dena, parekidea eta berdinzalea, harrera hiria, jatorrizko herrien kultura errespetatuko duena eta natura zaindu zein errespetatuko duena, besteak beste».
Donostiako Udalari ez diote izena aldatzeko eskaerarik egingo. «Izena aldatzea oso zaila iruditzen zait, egungo udal gobernuak ez duelako horretarako borondaterik. Bilbon errazagoa izango litzateke», dio Tellabidek. «Bilbok badu Plaza Barria, eta han du egoitza Euskaltzaindiak. Donostian hori ez litzateke posible izango. Izan ere, herri bat ukatzen duen konstituzio baten izena du hiriko plaza nagusienak», gaineratu du Goñik. Egitasmoaren oinarrizko helburua beste bat dela diote biek: «Donostiarrok plazaren jatorrizko izena berreskuratzea eta erabiltzea da guretzat garrantzitsuena. Plaza Berria izenak gure ezpain eta belarriak goxatzea».
Egitasmoak hainbat herritarren babesa jaso du, eta baita ere Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearena. «Parte Zaharrean beste egitasmo bat jarri da martxan Plaza Berriaren jatorrizko izena berreskuratzeko. Egitasmo horren parte aktiboa gara, donostiarrok, espaziotik harantzago, Plaza Berria, gure herriko kulturarekin, euskararekin, errespetuz eta berrituta dagoen elkargune berri bihurtzeko», adierazi dute. Horrekin batera, donostiar guztientzako «harrera gune komunitario» baten izena eta izaera berreskuratu nahi dituztela esan dute. Horrela, biharko urteurren ekitaldi berezian parte hartuko dute.
Oker dago informazio taula
Aurreko legealdian, udalak informazio taula bat jarri zuen plazan, udaletxe zaharraren arkupe batean. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez irakur daiteke Konstituzio plazaren historia. Dena dela, oker dagoela ohartarazi du Plaza Berria Berreskura Dezagun egitasmoak. Are gehiago, udala «donostiarron memoria ezabatzen» ari dela salatu dute.
Bi esaldi dira oker daudenak informazio taulan. Lehen esaldiak honela dio: «Plaza Berria, hala izendatua 1689an eraiki zenetik 1820 arte…». Ordea, Plaza Berria 1722an eraiki zen. Gaizki dagoen bigarren esaldia ondorengoa dela diote egitasmoko kideek: «1820an Plaza Berriaren izena aldatu zen, eta ‘Konstituzio plaza’ izendatu zen urte hartan ezarritako erregimen konstituzionalaren oroimenean». Plazari izena aldatu egin ziotela dio Goñik: «Goitik behera boteredunek harturiko erabakia izan zen, donostiarren iritzia aintzat hartu gabe. Garai hartako donostiarrak euskaldun elebakarrak ziren gehienak, eta Plaza Berria esaten jarraitu zuten». Horrekin batera, orduan jarri zioten izena ‘Plaza de la Constitucion’ izan zen. Hau da, gaztelania hutsezko deitura.
Plazako informazio taulak ez du historia osoa kontatzen. «Norbaitek laburtuko zuen historia, eta horrela jarriko zuten», dio Goñik. Esaterako, 1936an ezarri zioten izena «ezkutatzen» du. «Testuak ahaztu egiten du ‘Plaza del 18 de julio’ izena izan zuela plaza. Frankistek jarritakoa». Horiek horrela, plazako informazio taula hori zuzentzeko eskatu dute.