Etxebizitza Sindikatua sortu du Donostian mugimendu sozialistak
Donostiako Kontseilu Sozialistak Etxebizitza Sindikatua sortu du, etxebizitzaren arazoan “autodefentsa sozialista antolatzeko” asmoz. “Kasu bakan batzuk kudeatzetik, zein karitate ariketa hutsaletik harago, borroka fronteak martxan jartzeko”. Etxebizitzaren arazoa ezin da kapitalismotik bereizi, Kontseiluaren ustez, eta horregatik “irtenbide erreal bakarra” estatu soziala eraikitzea dela uste dute.
“Aurrekaririk gabeko krisia” bizi dugula uste du Donostiako Kontseilu Sozialistak. Testuinguru horretan, “eskubide politiko eta sozialen murrizketa nabaria” da batetik, eta, bestetik, “kontentzio sozialerako politikak ezartzen ari dira”, kontseiluaren ustez “propaganda hutsa” direnak.
Etxebizitzaren arazoak ez dira salbuespenak. Alokairuaren eta etxebizitzen prezio “neurrigabeak” etxe jabeengandik “gehiegikeriak” eta prezio igoerak dira, besteak beste, aipatu dituzten arazoak. Horren aurrean, langile klasearen sektore zabal bat “bakartuta eta babesgabetasun egoeran” dagoela uste dute.
Donostiako egoera berezia da Kontseilu Sozialistaren ustez: Gero eta hotel nahiz alokairu turistikoko etxebizitza gehiago zabaltzen ari diren bitartean, “auzo askotatik kanporatuak” izaten ari dira langileak.
Abenduaren 16an aurkeztuko dute sindikatua jendaurrean. 19:00etan izango da ekitaldia Antiguako Lugaritz Kultur Etxean.