Kalera atera dira soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinen alde
Eskubide Sozialen Kartak antolatutako manifestazioa, Donostian. (Argazkia: LAB) Pobretzeari STOP! Bizi baldintza duinak eta prezioen kontrola orain! lemapean mobilizazioa egin zuten larunbatean Donostian, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, pentsionistekin eta beste hainbat eragile sindikal eta sozialekin batera. Soldata, pentsio eta zerbitzu publiko duinen alde irten ziren kalera, eta “bizitzaren garestitzearen aurrean, aberastasunaren banaketa” aldarrikatu zuten.
LAB sindikatuak adierazi zuenez, Euskal Herrian langileen erdia baino gehiago “egoera prekarioan” bizi da, enplegu duinik gabe eta 1.400 euro baino gutxiagoko diru-sarrerekin. “Pentsionisten artean egoera ez da hobea, %34aren diru-sarrerak ez dira 1.000 eurotara iristen. Gero eta herritar gehiago dago pobrezian edo pobrezia arriskuan, nagusiki emakumeak”, salatu zuen.
Zerbitzu publiko asko pribatizatu direla ere nabarmendu zuten, “negozio bihurtu”, bereziki zaintzaren eremuan. “Osasungintza publikoan ez dira profesionalak falta, inbertsioak behar dira”, gehitu zuten.
Norabide aldaketaren beharra aldarrikatu zuten manifestazioaren deitzaileek. LABen esanetan, gobernu eta alderdi sistemikoen aldetik “ez dago ez erabakirik, ez borondate politikorik herritarren bizitza duinak erdigunean jarriko dituzten politika publikoak bultzatzeko”. Edonola ere, honakoa adierazi zuen: “Antolakuntzak eta borrokak bakarrik lor dezakete egoera iraultzea. Asko dira aberastasunaren banaketa bidezkoaren alde borrokan ari diren sektoreak eta enpresetako langileak, eta kalean ere ari gara mobilizatzen”.

