Mikroantzerki Maratoia egingo dute Kontadoresen larunbatean
Aurten ere Kontadores Gazte Zentroan Mikroantzerki Maratoia egingo dute, formatu txikiko antzerkia bultzatzeko asmoz. Larunbatean, azaroaren 26an, izango da hitzordua, 18:00etatik aurrera.
Aktoreen eta ikusleen arteko elkarrekintza ahalbidetzen du maratoi honen formatu txikiak. Hala, antzezlan laburrak ekoiztea sustatzen du, giro hurbil, elkarrizketarako gertu eta familiar batean.
Maratoian parte hartzeko deialdi irekira aurkeztu diren hamalau antzezlanetatik, hiru aukeratu dira: La Pepa Producciones taldearen Cuarta dimension, amaHiru taldearen Gaizki eta En La Salsa Prods taldearen Hibernar. Euskaraz aurkeztuko dute horietako bat, eta, beste biak, gaztelaniaz.
Aurtengo epaimahaikideak Nerea Gorriti, Aintzane Crujeiras eta Asier Oruesagasti izan dira. Nerea Arriola eta Intza Alkain aktore eta umoregileak izango dira topaketako gidari. Sarrera librea izango da, eta jarleku kopuru mugatua izango da.