Neurria hartu diote
Realak aise menderatu zuen Athletic larunbateko euskal derbian. Euskararen eta berdintasunaren aldeko festa gisa aurkeztu zuten, eta horrelakoa izan zen San Mames futbol zelaian bizitakoa. Izan ere, 22.412 ikusle izan ziren han, talde zuri-gorriak zabalduriko datuen arabera.
Neurketari dagokionez, txuri-urdinak gutxira aurreratu ziren markagailuan Amaiur Sarriegi aurrelari donostiarrak egindako golari esker. Athleticek minutu batzuk beranduago berdindu zuen norgehiagoka, Jone Amezagaren gol batekin. Bigarren zatian, ordea, Realak koxka bat gorago dagoela erakutsi zuen. Gaby Garciak bi gol egin eta derbia erabakita utzi zuen (1-3). Txuri-urdinek neurria hartu diote talde zuri-gorriari, elkarren aurka jokaturik azken lau neurketak irabazi dizkietelako.
Saskibaloia, Ibaeta Basketek sekulako astindua jaso zuen Gasca kiroldegian. Ligako partida kaskarrena jokatuta, alde nabarmenarekin galdu zuten Zaragozaren kontra (48-90). Hirugarren porrota jarraian pilatu dute, ligakoak eta Europakoak aintzat hartuta.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek hirugarren aldiz irabazi zioten Logroñoko Milenio Panthersi (2-5). Garaipen garrantzitsua izanik ere, sailkapeneko azken aurreko tokian jarraitzen dute 10 punturekin. Nesken taldeak, berriz, irabazi gabe jarraitzen du sasoi honetan. Oraingoan, Jaca hartu zuten etxean, eta garaipenetik urrun geratu ziren (2-4).
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 9. jardunaldia
- Athletic 1 – Reala 3
Saskibaloia
Emakumeen liga, 8. jardunaldia
- Ibaeta Basket 48 – Zaragoza 90
Izotz hockeya
Gizonen lehen maila, 9. jardunaldia
- Milenio Panthers 2 – Txuri Urdin 5
Emakumeen lehen maila, 8. jardunaldia
- Txuri Urdin 2 – Jaca 4