Amara Bai auzo elkarteak lokal berria erabiltzeko baimena du
Hedabide honek aurreratu moduan, Amara kaleko 21. zenbakian izango du lokal berria Amara Bai elkarteak. Hiru urteko negoziazioaren ondoren, udalarekin akordio batera iritsi ziren. Kontratua bihar sinatu, eta lokaleko giltzak hartuko dituzte. Amara Baik auzoko beste bi elkarterekin konpartituko du lokala: kirol elkartearekin eta jai batzordearekin.
Udalak gaur onartu du lokalaren erabilera pribatiborako administrazio emakida. Doakoa izango da eta hiru urteko iraupena du. Epe hori beste bi urtez luzatu daiteke, bi aldeek horrela adostuz gero.
Lokalak 84 metro koadroko azalera du. Bere garaian, auzoko txakurtegia izan zen, eta orain gutxi arte udalak artxibategi gisa erabiltzen zuen.