Azaroaren 25ean "justizia feminista" aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute Donostian
(Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, “justizia feminista” aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute Donostian. Beldurra eta kontr0laren aurrean, justizia feminista! lelopean, 19:00etan abiatuko da Bulebarretik. Mugimendu feministak salatu duenez, indarkeria matxistak “bere horretan” jarraitzen du, eta aurreko urtetik hona “ezer gutxi” aldatu da egoera.
Udan, batez ere, sistema heteropatriarkal kapitalista “are modu gordinagoan” azaleratu dela uste dute. “Ikusi besterik ez dago, batez ere jai giroan jasandako eraso matxisten harira gertatutakoa; kontrol sozial etengabea, beldurrean oinarritutako mezu eta neurriak, poliziaren presentzia neurrigabea… eta dena, berriz ere fokua emakumeongan jartzeko”, nabarmendu dute.
Azaroaren 25ean, indarkeria matxistak hartzen dituen “hamaika forma” salatzera ere aterako dira kalera: indarkeria instituzionala, lan esparrukoa, etxekoa, edo heteroarautik ateratzean pertsona askok bizi behar izaten dutena, besteak beste. Era berean, gizonei dagokien ardura hartzeko “exijituko” diete: “Utzi erasotzaile izateari eta konplize izateari. Hartu egoerak eskatzen duen ardura eta erantzukizuna. Azaleko diskurtsoek ez dute balio praktikan ez bada ezer aldatzen”.

