Ur Kirolak arraun elkartearen ehun urteko historia liburu batean jaso dute
Ur Kirolak arraun elkarteak mendea bete zuen urrian, eta behar bezala ospatzeko Haika Urki! Ehun urte brankan (Xibarit) liburua argitaratu dute. Gaur goizean egin dute aurkezpen ofiziala Donostiako Udaletxean. Alvaro Bermejo idazle donostiarrak laburbildu du klubaren 100 urteko historia. IRUTXULOKO HITZAk mendeurrenari buruzko erreportajea argitaratu zuen.
Hainbat iturri erabili ditu Bermejok liburua osatzeko. Hemeroteka lanarekin batera, 1940ko hamarkadatik hona bitarteko aktak errepasatu eta hainbat arraunlari ohi elkarrizketatu ditu. Egindako lanarekin harro dagoela adierazi du aurkezpenean.
Liburuak 164 orri ditu, eta euskaraz zein gaztelaniaz idatzita dago. Horrekin batera, dominen zerrenda jasotzen du, nazioartean aritu diren arraunlarien izen-abizenak eta Kontxako partaidetzak. Bestalde, anekdota bitxi ugari jasotzen ditu liburuak, horietako asko dibertigarriak. Nabarmentzekoak dira Iñaki Egibar bazkide eta arraunlari ohi zaharrenarenak.
Osagarri berezi bat dakar liburuak: Iñigo Aristegi Ur Kirolakeko bazkide eta artista donostiarrak egindako ilustrazio bat.