Neska gazteak kalera aterako dira azaroaren 25ean
Donostiako neska gazte feministen kolektiboak edertasun kanonak arbuiatu eta osasun mentala zaintzearen beharra aldarrikatuko du azaroaren 25ean.
Egun osoko egitaraua antolatu Intzirik azaroaren 25erako. Goizean Erraustuk unibertsitatean deitutako deialdira batuko dira, hainbat ikastetxerekin batera eta gero neska gazteen blokea egingo da. Donostiako Asanblada Feministak 19:00etan antolatutako manifestazioan parte hartuko dute eta ostean, Parte Zaharretik poteoa egingo dute, afaria Arranon eta DJak izango dira Herrian.
Azkenik, 26an lodifobiaren hitzaldi bat egingo dute, edertasun kanonak lantzen hasiko garelako eta hasiera A25ean eman nahi diogu.
Neska gazteen sarearen mezua
Krisi ekologikoa, krisi ekonomikoa, zaintza krisia eta osasun krisiak, zibilizazio krisia osatzen dute, Euskal Herriko Neska* Gazteen arabera: “Kapitalaren eta bizitzaren arteko talkan, kapitalaren alde lerratzen da sistema”. Bizitza erdigunean ez dagoenez, prekarietatea “egiturazkoa” dela uste dute.
Sistemari eusteko, ordea, zaintza lanak beharrezkoak dira neska gazteen ustez: “Beharrezkoa da sistemarentzako emakumeak* espazio pribatuan doako lanak egiten jarraitzea, honek kapital metaketa handiagoa ahalbidetuko duelako”. Zaintza kontzeptua desitxuratu egiten ari dela salatu dute, sistemak “bere egin” duelakoan.
Neska gazteek ere zaintza lan horietako batzuk bete behar dituztela adierazi dute, “ingurunearen ongizatea bermatzen” dutenak direlakoan: “Instituzioek osasungintza publikoan inbertitu ez eta gure lagunen sostengu psikologikoa betetzen dugu. Finean, geu gara ongizatea bermatzen ez duen sistema honetan ongizatea bermatzeko zaintzen dugunak”
Gehitu dutenez “horregatik diogu elkar zaintzea, komunitatea eta kolektiboa erdigunean jartzea, gure bizitzak zentrora ekartzea, autodefentsa feminista dela, sistema osoaren logika inpugnatzen duen apustu erradikala delako”.