Hiru artista, hiru bide, erakusketa bat
Ricardo Ugartek, Julia Otxoak eta Urko Ugartek erakusketa inauguratu dute Okendo kultur etxean.
Ricardo Ugarte, Julia Otxoa, Urko Ugarte artistek, lehen aldiz elkarrekin egin dute erakusketa bat. Ricardo Ugarteren bikotekidea da Julia Otxoa, eta lehenaren semea Urko Ugarte. Elkarren artean duten senidetasun, kariño eta miresmenetik abiatu da erakusketa hau, beraiek azaldu dutenez. Otxoarena izan zen elkarrekin erakusketa egiteko ideia, eta baita tituluaren ideia: Sendi bat artearen inguruan – tres senderos que convergen.
Erakusketan Ricardo Ugarteren eskulturak eta letrismoan oinarritutako lan grafikoak ikus daitezke; Julia Otxoaren obra berriko bi atal bere osotasunean, bat, poesia bisualarena eta, beste bat, obra grafikoarena; azkenik, Urko Ugarteren mihise eta paper gaineko akrilikoak daude erakusketan, guztiak obra berrikoak.
Hiru egileak bat datoz artea ulertzen duten moduan: diziplinarteko agerpen estetikoen aniztasunen unitatea, eskultura, lan grafiko, margo eta arte digitaletik abiatuak, abangoardia historikoen dimentsio erromantikoa berreskuratuz.
Ricardo Ugarte
Ugarte, GAUR taldearekin lotzen den arren, bera ez zen taldean egon, gazteegia zelako. Euskal arte modernoaren eskolakoa dela onartu du, hori bai, eta bertako “gaztetxoa” zela onartu du: Jorge Oteiza, Remigio Mendiburu eta Carlos Sainz aipatu ditu, besteak beste, gaztetako lagun eta kide moduan.
Bere eskultura lanak, itsasoari oso lotuta ageri dira. Okendon erakusgai dituen piezak, dena dira barkuen brankak, eta euskarrietatik ateratzen zaie punta, “hegan ariko balira bezala”.
Donostian ezagunena den bere obra ikusgai dago: Aingura. Bidebietaren eta Trintxerperen mugan dagoen biribilgunean dagoen aingura erraldoia, hain zuzen. Ugartek egin zuen, San Pedroko porturako, baina denborarekin tokiz aldatu behar izan zuten, eta bertan jartzea proposatu zuen. “Pozik nago, obrak espazioari izena eman diolako; orain denek deitzen diote ainguraren biribilgunea”.
Jarduera osagarriak
Hainbat jarduera osagarri antolatu dituzte azaro amaieratik otsailera, artistekin bisita gidatuak eta bi libururen aurkezpenak barne. Bihar, azaroaren 25ean, 19:00etan, Urko Ugartek inaugurazio ekitaldia egingo du; zuzeneko musika emanaldi bat eskainiko du, bere olerkiekin lagunduta. Pinturan egiten duen moduan, gitarra elektrikoarekin osatutako zati txikietatik abiatuko da, eta inprobisazioari tartea utziko dio.
Abenduaren 26an Julia Otxoak egingo du bisita gidatua. Erakusketaren ibilbidea egin eta, halaber, erantzun bila joango da: “Nola batu poesia eta arte grafikoak? Zein da Julia Otxoaren literaturaren elkarrizketa bere sormen plastikoarekin? Eta alderantziz? Eta zein da bere erakusketa-kideekin, Ricardo Ugarte eta Urko Ugarterekin, egiten duen elkarrizketa?”.
Abenduaren 12an Ricardo Ugartek aurkeztuko du bere lana; abenduaren 16an, berriz, ‘Singladuras’ liburua aurkeztuko du; abenduaren 19an, Otxoak, Berpizkundea liburua aurkeztuko du.