Igeldon eraiki duten txaleta "ilegala" dela diote
Donostiako Udalak emandako lizentziak «legez kanpokoak» direla jakinarazi dute Haritzaldek, Ieltxo kultur elkarteak eta Igeldoko Herri Kontseiluak. Epaitegian salaketa bat jarri dute.
Zalaparta sortu du Igeldoko Txalin mendiaren magalean eraiki duten luxuzko etxebizitzak. Donostiako Udalak baimenduriko txaleta «ilegala» dela salatu dute Haritzalde Naturzaleen Elkarteak, Ieltxo kultur elkarteak, Igeldoko Herri Kontseiluak eta hainbat herritarrek. «Berez, eraiki ezin den nekazaritza lurretan jartzea baimendu dute», azaldu dute. Hori dela eta, auzitara jo dute Haritzaldek eta Ieltxok, Herri Kontseiluaren babesarekin. Txaleta eraitsi eta eremua lehengoratzeko eskatu diote udalari.
Salaketa orain jakinarazi badute ere, Herri Kontseiluak «behin eta berriz» esan dio udalari obra «irregulartasunez betea» dagoela. «Udaltzaingoak ere bi akta prestatu zituen lizentziarik gabeko lanak zirela eta, baina udalak ez du ezer egin gelditzeko. Akta horiek lizentziaren espedientean ez dira ageri».
Txaleta ilegala dela esateko arrazoiak hainbat direla diote salatzaileek. Martuteneko baserri baten desjabetze batetik dator obra. «2/2006 Lurzoru Legearen 30. artikuluan oinarriturik, Igeldon eraikitzeko baimena ematen die udalak jabeei. Lege horren baimentzen du, desjabetzea tarteko, eraiki ezin den nekazaritza lurretan eraikitzea inolako nekazaritza ustiapenik gabe. Baina hori dena ondo justifikatu behar da, eta ez dago horrelako txostenik, nahiz eta legearen 30.4 artikuluak hori exijitu», azaldu dute.
Araudia hori izanik, udalak emandako lizentziak kritikatu dituzte: «Udalak baserria berreraikitzeko baimena ematen die honakoa jakinik: Martutenetik zortzi kilometrora dagoela, lursaila ez dela baserriko jabeena, higiezinen agentzia batena dela, eta han etxebizitza izateak sekulako balioa izango duela. Argi eta garbi negozioa egiteko helburuarekin. Agentziak, lurren jabeak, lizentzia erosi zien baserriaren jabeei, eta ondoren egungo jabeei saldu zien. Nola da posible hori baimentzea?».
Txaleta, baserriaren ordez
Desjabetu den baserri bat berreraikitzeko lizentzia eman zuen udalak, baina eraiki dutena ez da baserri bat izan. «Txalet moderno bat da, eta baserriko jabeak ez dira inondik ageri. Espekulaziorako bidea eman du udalak», salatu dute. Etxebizitzaren hasierako aurrekontua 419.000 eurokoa zela gogoratu dute, eta egin dutenak 1.250.700 euroko aurrekontua duela: «Hirukoitza da, eta horri lizentziaren 700.000 euroak gehitu behar zaizkio».
Martuteneko baserriak 406,8 metroko koadro zituen bizitoki gisa, eta ez zuen sotorik. «Udalak, ordea, 1.145 metro koadro dituen etxebizitza bat egiteko baimena eman die, soto eta guzti», nabarmendu dute. Horrekin batera, udalak «legez kanpoko» bi lizentzia eman dituela gaineratu dute: «Bi lizentzia horietako proiektuek leku desberdinean kokatzen dute etxea. Hori gutxi balitz, azkenean, etxea beste kokaleku batean egin da, beste lizentziarik eskatu eta jaso gabe».
Lizentziak sarbiderik ez duen lursail bati eman dizkiotela nabarmendu dute: «Legea erabat urratu dute, eta eta lursail horretara sartzeko udal jabetzako lursail bat okupatzen ari dira baimenik gabe. Horrez gain, ur biltegira doan bidearen sarreran jarri dute atea». Uraren udal zerbitzuen txosten bat ere aipatu dute, txaletaren kokapena «desegokia» dela irizten duelako. Batez ere, etorkizunean ur biltegia handitzeko aukera oztopatzen duelako.
Salaketa aztertzen ari dira
Igeldoko txalet «ilegalaren» inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak asteartean baieztatu zuen salaketaren berri izan dutela. Are gehiago, adierazi zuen udaleko zerbitzu juridikoak erantzuna prestatzen ari direla: «Lizentzian akatsen bat balego, konpontzeko bideak zeintzuk diren ikusteko azterketa egingo genuke». Horrekin batera, baserri bat lekualdatzeko aukera legal bat dagoela gogoratu zuen Goiak: «2006ko lege batek horretarako aukera ematen du, baldintza bakarrarekin; ordezko lursaila babes bereziko gunea ez izatea».