Woloferaren eta euskararen arteko komunikazio gida, senegaldar kultura eta euskal kultura uztartzeko
Egiako Maider Gaztelumendik eta Senegalgo Max Mbayek sortu duten Luma proiektua finantzaketa kolektiboa egiten ari da, igandera arte. Jatorri ezberdinetakoak diren baina komunitate bera osatzen duten lagunei zuzendutako proiektua da GuÑun. Senegaldar kultura eta euskal kultura uztartu nahi dituzte eta lehen mugarria wolof eta euskara hizkuntzen arteko komunikazio gida izango da.
‘GuÑun’ euskaraz eta wolofez esanahi bera duten gu eta ñun hitzen arteko lotura da. Gaztelumendik eta Mbayek sortutako Luma moda etikorako proiektuak, pausoa eman nahi du bere lan sozialean, eta proiektu hau da horretarako tresna: “Lumaren ildo sozialaren aldeko apustua egiteko beharra sentitu dugu, elkarrekin lan eginez eta komunitate hori ‘GuÑun’ proiektuaren bidez zabalduz. ‘GuÑun’ komunikazio gida batekin hasiko da, eta produktu, eduki eta topaketen plataforma digital batekin jarraituko du ondoren”.
Gaztelumendi euskalduna eta Luma proiektuaren sortzailea, eta Mbaye, senegaldarra, artista eta jostuna, euskaldun eta senegaldar lagun eta familiarteko komunitate baten parte dira. 2020an Luma jaio zen, eta gaur egun arte Maliko (Mendebaldeko Afrika) oihal tradizionalekin egiten du lan, Bogolan antzinako pintura teknikako artisauekin elkarlanean, eta bidezko merkataritza, iraunkortasuna eta aniztasuna oinarri hartuta.
Orain arte, Lumaren sorkuntzek komunitatea erakusteko balio izan diete, sare sozialen bidez edukiak eta eztabaidak sortuz, beste pertsona batzuk familia askotariko horren zati bat ezagutzera gonbidatuz. Orain, Lumaren ildo sozialaren alde egiteko beharra sentitu dute, “elkarrekin lan eginez eta komunitate hori zabalduz, GuÑun proiektuaren bidez.
Igandean bukatuko da finantzaketa kolektiboa egiteko aukera, Goteo webgunean.