Donostiako Correoseko langileen %25 greban dago, lan hitzarmen duina aldarri

Correoseko langileek greba eguna dute gaur Espainiako Estatu osoan. Gipuzkoako langileen asanbladak ere antolatu du greba, eta datu ofizialik ez dagoen arren, langileek IRUTXULOKO HITZA-ri adierazi diotenez, %25 ari da protesta egiten.
Lan baldintzetan hobekuntzak eta kalitatezko posta zerbitzu publikoa ez dira posible egungo Hitzarmen Kolektiboaren barruan langileen ustez, eta gauzak horrela, hainbat greba egun antolatu dituzte CGT, LAB, ESK, ELA, SiPcte, Intersindical Valenciana eta CNT sindikatuek.
Adierazi dutenez, Correoseko plantillaren baldintzak okerrera egiten jarraitzen dute: “Egoera jasanezina bihurtu da. Azken urteotan, erosteko ahalmenaren galera sekulakoa izan da, %20 inguru lan-kontratuko langileentzat eta %25 funtzionarioentzat).
Salatzen dutenez, soldaten eguneratzeaz gain, zerbitzua bera hobetzeko neurriak beharrezkoak dira: “Uda honetan plantillaren erdia egon gara lanean, eta orokorrean lan kopurua jaitsi den arren, langile bakoitzak ezin du eremu bikoitza kubritu”. Zerbitzua berariaz ari dira degradatzen, langileen ustez.
Gauzak horrela, mobilizazio gehiago egingo dituzte, eta, besteak beste Gabonetan aurreikusten dituzte protestak: “Enpresari min handiagoa egingo dioten datetan”.