Megafonia erabiltzen duten turista taldeak zigortzeko kanpaina, turismo gutxien dagoen asteetan

Donostiako Udalak adierazi duenez, turismo-gidari askok megafoniak erabiltzen dituzte, udal ordenantzak espresuki debekatzen duen arren. “Kontuan harturik handitu egin dela hirian azkenaldian ugaritzen ari diren bisita gidatuen kopurua”, Donostia Turismoak kanpaina bat jarriko du abian: “Xedea da jarduera turistikoan bide publikoko kutsadura akustikoari eta zaratari buruzko Ordenantza Arautzailea betearaztea”.
Cristina Lage Turismo zinegotziak adierazi duenez, “gidaritzapean eta megafonoa eskuan duten talde ugari horiek ez dituzte antolatzen tokiko turismo agentziek, azken horiek zintzo betetzen baitute ezarritakoa. Bidaia edo talde antolatuez ari gara: batzuetan berrogeita hamar pertsona baino gehiagokoak izaten dira eta hiriko leku nagusietan zehar ibiltzen dira, eta halako aparatuak baliatzen dituzte azalpena entzun dadin. Baina, aldi berean, eragozpenak sortzen dituzte Donostiaren eguneroko martxan”.
Ordenantzaren 11. artikuluak berariaz debekatzen du bide publikoan jarduerak edo ekitaldiak antolatzea megafoniaz edo soinu elementuez lagunduta, aldez aurretik berariazko baimenik izan ezean. Kaleko artisten, jaietako programazioen eta abarren kasua da hori: “Hau da, mikrofonoak, megafoniak edo beste elementu batzuk dituzten turista taldeen moda hori ez dago baimenduta, eta muga jartzea erabaki dugu”, adierazi du Lagék.
Datozen asteetan, ordenantza betetzen dela ziurtatzeko kanpaina bat jarriko da abian, udaltzaingoarekin batera, bisitaldi turistikoaren kalitatea bermatzeko eta Donostiako herritarren eguneroko bizitzan izan daitezkeen “deserosotasunak murrizteko”. Kanpainak denboran zehar iraungo du: hasiera batean sistema horiek erabiltzea ezinezkoa dela ohartaraziz hasiko da, eta, ondoren, 750€-rainoko isunak ipiniko dituzte, “betiere ez-betetzeak jarraitzen badu eta arauari ez bazaio egiten jaramonik”.