Renfek aldiriko tren zerbitzurik gabe utzi ditu ehunka erabiltzaile
Atotxako behin-behineko geltokia 12:30 inguruan ireki dute bidaiarientzat, goizeko lehen ordurako irekita egotea aurreikusten zen arren.
Ez da iragarritakoa bete. Gaur goizean ireki behar zuten Atotxako behin-behineko tren geltoki berria. Ordea, Euskal Trenbide Sareak (ETS) geltokia egokitzeko lanak bukatu ez dituenez, Renfek goizeko aldiriko tren zerbitzuak bertan behera utzi behar izan ditu Irun eta Andoain artean. Azkenik, 12:30 inguruan zabaldu dute geltoki berria, eta aldiriko tren zerbitzuak pixkanaka normaltasunera itzultzen hasi dira. Orain, sarbide bakarra Egiako aldean dago, Nestor Basterretxea plazan.
Asteburuan ere ez dute zerbitzurik eman, Donostiako AHTren behin-behineko geltoki berriaren lanengatik. Gaur goizaldean, aldiriko trenen ohiko erabiltzaile asko lantokietara eta ikastetxeetara joateko trenik gabe geratu dira. Ehunka dira kaltetuak, eta Renfek ez du ordezko autobus zerbitzurik jarri.
IRUTXULOKO HITZA behin-behineko geltoki berrira sartu ahal izan da, eta hutsa topatu du, erabiltzailerik gabe.
Barkamena eskatu dute
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak barkamena eskatu du geltokiko lanak ez bukatzeak eragin dituen kalteengatik. Bilboko ekitaldi batean adierazi du asko sentitzen duela gertaturikoa, eta erabiltzaileei barkamena eskatu die. Gaineratu duenez, bere saila “etengabe” dago Renferekin harremanetan: “Obrak daudenean eta aldi berean zerbitzua ematen denean, batzuetan horrelakoak gertatzen dira”.
ETSk, berriz, aitortu du epea ez dutela bete eta bidaiari asko kaltetu dituztela. Horrela ere, gaur goizean erabiltzaileei eragindako afekzioen erantzukizuna beraiena ez dela gaineratu dute. Izan ere, autobus zerbitzu alternatiborik ez da egon erabiltzaile kaltetuentzat.
Atotxako behin-behineko geltoki berriaren irudi bilduma: