Hainbat udal zerbitzuren prezio publikoak eguneratu dituzte
Donostiako Udalak onartu du udal zerbitzuen eta jardueren prezio publikoak eguneratzea. Besteak beste, ondorengoak dira: udal errausketa zerbitzua, gazteentzako udal aterpetxeen zerbitzua eta Gazteria bulegoaren zerbitzua.
Hileta zerbitzuen prezioa %19,55 handituko dute –gorpua erraustea, Gorpuzkiak erraustea, Anputazioen fetuen eta jaioberrien errausketa–. Gasaren prezio igoerak eragindako aldaketa dela adierazi du Eneko Goia alkateak.
Gazteentzako udal aterpetxeen zerbitzuen prezio publikoei dagokienez, ostatuaren prezioa %3 handitu da, eta %8 bazkari eta afarien prezioak. Era berean, Ondarretako gazte aterpetxean, pertsona eta gau bakoitzeko finkatzen diren prezioetan ostatua eta maindireak sartu dira, beste ostatuetan jasotzen den moduan.
Bestalde, Gizarte Sustapen eta Hezkuntza zerbitzuak proposatuta, beste prezio publiko bat sortzea onartu dute, Aste Santuan haurtxokoetan izaten den programa berezirako. Era berean, gizarte laguntzak jasotzen dituzten familiei ikastaroak eta tailerrak egiteko prezioak %15 murriztea onartu da.
Horrez gain, tarteka izaten diren musika kontzertuetako eta Gazteen Antzerki Topaketako sarreren prezioak borobildu dituzte, eta, ondorioz, kontzertu horien sarrerak 6 euroan jarri dira, eta aldiz, Gazteen Antzerki Topaketako sarrerak 3 euroan.
Prezio murrizketak
Udalak hainbat prezioren murrizketa kendu du. Horietako batzuk dira COVID-19ak kalteturiko familia unitateei ezarritakoak. Horrekin batera, udalak egunez ematen dituen Sorospen Etxeko osasun zerbitzuen prezioak kendu dituzte. Izan ere, 2020ko martxoan bertan behera geratu ziren Gipuzkoako Poliklinikaren bidez ematen ziren zerbitzuak.