'Pozaren erdia' sonetoz osatu du Harkaitz Canok

Esamolde pertsiar baten arabera, pozaren erdia pozaz hitz egitea da. Literaturan ere, literaturaz hitz egitea da pozaren erdia, Harkaitz Canorentzat. Jose Luis Otamendiren Poza eta gero poema liburua du oinarri, eta pozaren bilaketarako zirriborro gisa aurkeztu du; “Ez da anbizio handiegia izan behar”. Pozaren erdia gutxi dela diotenei erantzun die Canok: “Erdia bada eta ez badago pitzatuta, eta blindatua bada, bada poz t’erdi izateko abiapuntu on bat”.
Gaur aurkeztu duten Pozaren erdia liburuak (Susa, 2022) badu berezitasun bat; poema guztiak dira sonetoak. Canok berak aitortu du, lagunen harridura jaso duela aitortu du Canok, sonetoak zaharkitu fama duelakoan. Nondik dator bada, soneto liburu bat egitearen ideia?
Tiago Rodriguez zuzendari eta antzezle lanak liluratuta abiatu du proiektua Canok. Zazpi pertsona hautatzen zituen publikotik eta bakoitzari bi lerro ikasi arazten zizkion, eta lortzen omen zuen antzokiko 300 lagunek Shakespeareren hainbat soneto buruz ikastea. Neurriaren eta errimaren zaletu berantiarra bihurtu da honela Cano.
Formari lotuta osatu da liburua; poema bakoitza hamalauduna da –hamalau lerroko poesia lana, alegia– eta lau lerroko bi ahapaldiz eta hiruko beste biz osatua dago.
Idazle askoren “zaletasun ezkutu eta adiktiboa” dela nabarmendu du Canok. Poeta adiskideen aholkua jaso zuen, beraz: “Sasoi batez sonetoak idaztea ondo dago; baina garaiz utzi behar da”.
Jendaurrean erakutsi nahiko lituzke poemok, baina oraindik ez du formatua argi, sonetoak hamaika modutan irakurri daitezkeelako: lirikotik, traperaino. Honela, ikuskizunaren titulua jada aurreikusi du Canok: Soneto bat irakurtzeko hogei modu.