Realeko neskak Anoetara itzuliko dira abenduan
Realeko neskek Anoetan jokatuko dute urteko azken partida, Levanteren aurka. Neurketa abenduaren 11n jokatuko dute (igandea), 18:00etan, eta urtea “mailarik onenean” bukatuko dute horrela, Realaren hitzetan.
Estadiora sartzeko ateak 17:00etan irekiko dituzte, eta bazkideak tribunetako erdiko ateetatik sartu beharko dira euren txartela fisikoa edo digitala erakutsiz. Hauek dira tribunetako erdiko ateak: Nagusia, 1 eta 20 ateak; Familiarra, 5 eta 6 ateak; Ekialdea, 10 eta 11 ateak; eta Aitor Zabaleta, 15 eta 16 ateak. Horrela estadioaren erdiko eraztunetik banatzeko gomendatu die klubak bazkideei.
Bestalde, sarrerak Internet bidez erosi daitezke dagoeneko, 12-20 euroan. Estadioko leihatilan bertan ere erosi ahalko dira sarrerak, baina abenduaren 11n bertan, 16:00etatik aurrera. RS Fanek, aldiz, sarrera doan eskuratu ahalko dute leihatilan, egun berean eta ordutegi berean.