EAJren eta PSE-EEren arteko talka eragin du Gipuzkoako garraio publikoaren deskontua mantentzeko erabakiak
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak atzo onartu zuen garraio publikoaren %50eko deskontua 2023an luzatzea.
Erabakia “arduragabetzat” jo du Eneko Goia alkateak Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketa batean. “Kezkatu egiten nau hartutako erabakiak. Ez dakigu estatuaren, aldundiaren edo Jaurlaritzaren laguntza izango dugun. Udalaren gain erortzen bada, nekez hobetuko dugu zerbitzua. Gutxi gorabehera 10 milioi euroko kostuaz ari gara”, gaineratu du.
Hain zuzen ere, Goiak esan du deskontua ahalbidetzeko finantziazioari egin dio erreferentzia: “Guztioi gustatzen zaigu %50eko deskontua izatea, baina nola ordaintzen den argitu behar da, eta hori ez da argitu”. Haren ustez, PSE-EE era “desleialean” jokatzen ari da, eta hori “ez da berria”. “Aldundiak, garraioaren arloan behintzat, Donostiaren aurka egiten du”.
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak Tarifak Integratzeko Batzordea egin zuen atzo. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hainbat Gipuzkoako hainbat udalek parte hartu zuten; sozialistek gobernatzen dituzten Irungo, Eibarko eta Lasarte-Oriako udalek, EH Bilduren esku dauden Errenteriako, Oñatiko, Oiartzungo eta Hernaniko udalek, eta EAJk gidatzen duen Zarauzko Udalak. Ordea, jeltzaleek kudeatzen dituzten beste hiruk ez zuten parte hartu: Donostiako, Tolosako eta Arrasateko udalek.
Garmendiaren erantzuna
Donostiako PSE-EEren bozeramaile Marisol Garmendiak oharra plazaratu du Goiak egindako kritikei erantzuteko. “Arduragabekeria ez da garraioan deskontuak mantentzea, baizik eta horien aurka egitea, Goiak egiten duen bezala”, adierazi du Garmendiak. Horretarako, beste erakunde batzuen laguntzak egongo direla gaineratu du, “orain arte egon diren moduan”. “Udalak lagundu behar badu, egin beharko du. Herritarrei, batez ere baliabide gutxien dituztenei, Donostian eta Gipuzkoa osoan garraio publikorako sarbidea erraztea lehentasunezkoa da. Donostiarrek ez lukete ulertuko beren udala izatea hobari horiek 2023. urte osorako zabaltzearen aurka agertu zen bakarra.
Sozialisten “leialtasunaren” inguruan ere hitz egin du Garmendiak: “Donostiako Sozialistak leialak gara Goiak Pedro Sanchezen gobernu sozialistarekin akordioak lortzen dituenean kuartelen gaian edo interes orokorreko beste gai batzuetan, eta ez dugu ulertzen alkateak Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin berdin ez jokatzea garraioko beherapenei buruzko akordioarekin”. Horrez gain, bozeramaile sozialistak ukatu egin du Gipuzkoako Mugikortasun Saila garatzen ari den politikarekin Donostiaren interesen aurka ari denik.
“Ez dira onargarriak”
Goiak egindako adierazpenen harira, EH Bilduk ere oharra plazaratu du. Beraien ustez, ezinbestekoa da garraio publikoaren erabilera sustatzea, “are gehiago krisi ekonomiko eta ekologikoaren testuinguruan, prezioak etengabe gora egiten jarraitzen dutenean”. Horrek ere Donostiako Udal Gobernuarentzat lehentasuna izan beharko lukeela diote, “eta 2023ko aurrekontuan islatuta egon beharko luke”.
EH Bilduk gogoratu du Eusko Legebiltzarrak pasa den astean aho batez onartu zuela 2023rako %50eko deskontuak luzatzea garraio publikoan, prezioen igoera orokorrak familia ekonomietan duen eraginari aurre egiteko neurri gisa. “Beraz, Goiaren adierazpenak ez dira onargarriak eta berehala zuzentzeko eskatzen dugu”. Horrekin batera, deskontuak eragingo lukeen kostuaren inguruan Jaurlaritzak esandakoa gogora ekarri dute: “Arriola sailburuak duela gutxi erantzun zuen, EH Bilduren galdera bati emandako erantzunean, neurri hori Donostian ezartzearen kostu osoa 8,5 milioi eurokoa izango litzatekeela; horietatik 6,8 milioi euro Eusko Jaurlaritzak ordainduko lituzke eta 1,7 milioi euro udalak”.