Ibon Martinen 'Tulipen dantza' bestsellerra euskarara ekarri du Aiora Jakak
Tulipen dantza liburuarekin, nazioartera zabaldu zen Ibon Martin idazle donostiarra. Lehen aldia zuen argitaletxe batekin lanean –ordura arte, autoekoizpenaren bidea hautatu zuelako–, eta espero baino oihartzun handiagoa izan zuen. Bederatzi hizkuntzatara itzuli zuten, eta bereziki Herbeheretan bestseller bat dela onartu du Martinek, baita Mexikon eta Argentinan ere. Euskarara ekartzeko, Aiora Jaka itzultzaile donostiarrarekin baino ezin zuela kontatu aitortu du.
Urdaibain kokatutako thriller bat da eleberria. Lehen kapituluan intriga ziurtatu du idazleak: tren gidari baten emaztea hilik agertu da trenbidean. Emaztea kazetari garrantzitsu eta boteretsua da, eta haren erailketa ikertzen hasiko da Ane Cestero inspektorea. Noski, ikerketarekin batera erailketa gehiago datoz, eta ezer ez da dirudiena izango. Urdaibaiko herri lasaien ifrentzua erakutsi nahi izan du Martinek.
Liburua idazteko, hain zuzen, hilabete pasa zuen Mundakako etxe batean, itsaslabar batean, itsasoraino eskailerak dituena. Herriko bizitzan integratu, eta herritarren kezkak txertatu zituen liburuan, “ahalik eta errealistena” bilakatzeko. Eta usainei arreta jarriz: “Usainak dira leku baten gauzarik garrantzitsuenak, eta ahalik eta gehien “
Usain, kirats, lurrin, kera, sunda… Aiora Jakak baieztatu du, sinonimo mordoa erabili behar izan dituela, giroa ahalik eta hoberen deskribatzeko. Ohituta dago jada Martinekin lan egitera, eta “luxua” dela ziurtatu du. Itzulpen mota ezberdin bat erabili duela aitortu du: “Normalean liburua osorik irakurri, eta ondoren hasten naiz itzultzen. ‘Isiltasunaren itsasargia’ itzuli nuenean, ordea, irakurri ahala joan nintzen itzultzen, eta hau ere halaxe egin dut. Liburuaren intriga berarekin itzuli dut nik neuk ere”.
Itzulpenak jatorrizkoa “hobetu” duela aitortu du Martinek, eta aurrerantzean bere lanak euskaratzeko asmoa duela iragarri du. Eta horretarako Jakarekin kontatuko duela, “bai edo bai”.