Donostia, hiribururik euskaldunena?
Bost urtean behin egiten du euskararen kale erabileraren neurketa Soziolinguistika Klusterrak. Azkena iazko udazkenean egin zuten, eta aurten argitaratu dituzten emaitzek diotenez, azterketa egin zuten unean, hiriburu guztien artean, Donostian entzun zituzten euskarazko elkarrizketa gehien (%15,3).
Donostiako euskararen kale erabileraren datuei erreparatzean, lehen begi kolpean ikus dezakegun argazki garbia honakoa da: kaleko elkarrizketetan, 100 lagunetik 15 ari ziren euskaraz (proportzioan, %15,3). Euskal Herriko gainerako hiriburuetan euskararen erabilera %2,5 eta %4 artean dago, beraz, Donostia da hiribururik euskaldunena, ehunekoetan behintzat.
Orotara, 44.986 solaskideren 17.083 elkarrizketa aztertu dituzte Donostian, eta honakoak dira, Altunaren arabera, ondorio nagusiak. Alde batetik, momentuko argazkia dago: aipatu bezala, %15,3 ari ziren euskaraz. “Gehienek gaztelaniazko elkarrizketetan hartu dute parte, badira frantsesezko elkarrizketak ere (%2) eta beste hizkuntzetan ari zirenak ere bai (%3). Hori izango litzateke argazki orokorra”, azaldu du Altunak.
Ikerketaren zuzendariaren arabera, azken hamar urteetan, “egonkor” dago euskararen erabilera. “Donostian, Euskal Herriko bilakaeraren antzekoa ikusten dugu: 1993an lehenengo ikerketa egin genuenetik, euskararen erabilerak gora egin du, baina azken hamar urteetan egonkor dago”, zehaztu du. Hala ere, badu “berezitasun” bat Donostiak, Altunaren arabera: “Emakumezkoen eta gizonezkoen artean ez dugu alderik topatu. Euskal Herrian joera orokorra da emakumezkoek gizonezkoek baino zertxobait gehiago egitea euskaraz, baina Donostian ez dugu hori ikusi”.
Gaztelaniaren bizikide
Gainerako hiriburuetan baino dezente gehiago hitz egiten da Donostian euskaraz; hasteko, euskaldunen proportzioa ere altuagoa delako gainerako hiriburuetan baino. “Azken datuak oraintxe ari dira argitaratzen, eta %50 inguru dira euskaldunak. Gero, hitz egin beharko genuke euskaldun zeri esaten diogun, baina hautesle erroldako datuak dira, eta euskaraz ondo moldatzen direnak %50 inguru dira Donostian”, zehaztu du Altunak.
Hala ere, ezin da ukatu hirian gaztelaniaren ehunekoa oso altua denik (%79,8). Faktore garrantzitsua da euskaldunen kopuruak euskararen erabileran eragiten duela, baina gaztelaniara ere ekar daitezke datu horiek. “Denok gara gai gaztelaniaz hitz egiteko, eta hori garrantzitsua da. Euskaldun gehienok gara elebidunak gutxienez, eta ia inork ez dugu arazorik gaztelaniaz hitz egiteko. Erabilerari dagokionez, kontuan hartzeko ezinbesteko faktorea iruditzen zait. Bestalde, urte askotan gaztelaniak eremu formalean pisu handia izan du. Gainera, munduko hizkuntza handienetarikoa da, eta horrek guztiak hainbat inertzia edo ohitura elikatzen ditu. Horrek dakar gaztelaniaren erabilera areagotzea”, ondorioztatu du Altunak.
Bat dator berarekin Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren burua ere, gaztelaniaren erabilera hain altua izateko arrazoiei dagokionez. “Alde batetik, euskaraz hitz egin ahal izateko, faktore askok egin behar dute bat. Ez da hain erraza beti, eta aukerak eduki behar dira. Kalean, askotan joera bera izaten dugu: euskalduna ez den norbaitekin gaudenez, gaztelaniaz egingo dugu. Edo, joera da momentu honetan gazteek mundu digitala eta sare sozialak, besteak beste, gaztelaniaz edo ingelesez jasotzen dituztela. Gainera, munduan hizkuntza erraldoi baten ondoan bizitzen ari gara, kalean indar handia dauka, eta oso zaila da horri buelta ematea”, adierazi du Otamendik.
Gazteek erreferenteak falta dituzte
Ainara Vazquez Bagera euskaltzaleen elkarteko kidearen iritziz, gazteek euskarazko erreferenteak falta dituzte aisialdirako. Ildo hori askoz gehiago landu behar dela uste du: “Gaur egun, hutsune handia dago euskarazko eskaintzan digitalizazioari dagokionez, eta plataformetan ere oso inbertsio murritza egin da. Oso atzean geratu gara hor. Gaia benetan aztertu behar da, eta inbertsio publikoak egin behar dira, bestela, jai dugu”.
Erreportaje osoa bihar irakurri ahal izango duzue IRUTXULOKO HITZAren astekarian eta webgunean.