Ekitaldiz beteriko asteburuarekin emango diote Euskaraldiari amaiera Aieten
Bihar amaituko da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta Aieten hainbat jarduera antolatu ditu euskara batzordeak edizio honen bukaera borobila izan dadin. Alde batetik, 17:30ean, Aieteko izarrak talentu emanaldia egingo dute Hiru damatxo plazan (euria egingo balu, Aiete ikastetxean). Euskara batzordeak emanaldian parte hartzera gonbidatu ditu haurrak eta gazteak: abestu, dantza egin, magia erakustaldia… bakoitzak bere abileziak jendaurrean erakusteko aukera izango du. Zehaztu dutenez, emanaldiek euskaraz izan beharko dute. Izen ematea irakaslearen bidez edo aieteneuskeraz@gmail.com helbidera idatziz egin beharko da.
Jarraian, 19:00etatik aurrera, bertso-triki-poteoa egingo dute auzoan zehar, Hiru damatxo plazatik abiatuta.
Euskararen Eguna Aieten
Jaia ez da bihar bukatuko, ordea. Larunbatean, Euskararen Eguna dela aprobetxatuz, egun osoko egitaraua prestatu dute Aieten. Eguna hasteko, 12:00etan, Yogipuinak ipuin kontaketa izango da Maite Arreseren eskutik, Hiru damatxo plazatik abiatuta. Ondoren, herri bazkaria egingo dute 14:00etan, Aieteko Topalekun. Bazkalostean, reggae festarekin hasiko dute arratsaldea. 16:00etan izango da, Beñaranks & Eiraren eskutik.
Arratsaldean zehar, Aieteko parkean, hainbat jolas eta egitasmo egingo dituzte haurtxokoaren eta gaztelekuaren eskutik. Azkenik, 17:00etan, Nur eta herensugearen tenplua filma eskainiko dute Aiete kultur etxean.