Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko hirugarren saiakera
Eskatu, eskaini euskaraz kanpaina aurkeztu dute gaur Donostiako Udaletxean. Hirugarren urtez merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko abiatu du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak. Herritarrak eta kontsumitzaileak aktibatu nahi ditu euskara erosketetan edo kontsumitze unean erabiltzera. Era berean, jarduera ekonomikoa herrian duten merkatari eta ostalariak gonbidatu nahi ditu euskaraz gerturatzen zaion herritarrari euskaraz keinu egitera.
EAEko hiru aldundiek, udalek, mankomunitate eta kuadrillek bat egin dute egitasmoarekin. Horrela elkarlanean eta koordinazioan oinarritutako kanpaina da gaur aurkeztutakoa. Aurten gainera merkataritzaz gain ostalaritzara ere zabaldu da. Aurten 124 udalerri batu dira kanpainara, iazkoaren bikoitza: Arabako zortzik, Bizkaiko 22k eta Gipuzkoako hamalauk. Gainera UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko EAEko 80 udalerriek ere bat egin dute kanpainarekin.
Kanpaina abenduaren 4tik 31ra bitartean egingo dute, eta koordinatua den heinean Eusko Jaurlaritzak eskainitako euskarrien zerrenda batetik, udal bakoitzak norberaren errealitatera egokitutako estrategia bat jarraituko du datozen asteetan zehar spotaren mezua gizarteratzeko helburuarekin.
Aurkezpenean Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Donostiako alkate Eneko Goiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendari Elena Morenok eta merkataritza eta ostalaritza elkarteetako ordezkariek parte hartu dute.
“Gabon bezpera saltokietan hartu-eman ugariko garaia da, eta hor hizkuntzak berebiziko garrantzia du”, esan du Goiak. Horregatik, Euskaraldian hartutako joerari eusteko eskatu du, eta “gure gizarte ohitura honetan euskara bidelagun izanez modu aktibo eta kontzientean euskaraz aritzera” deitu du alkateak.