Tabakaleran inoiz egin den erakusketarik handiena estreinatuko dute
Tabakalerak eta Arte Ederren Bilboko Museoak That Time. Artearen aroak erakusketa aurkeztu dute. Bi erakundeek erakusketa-proiektu batean parte hartzen duten lehen aldia da. Lankidetza horri esker sortu da proiektu hau, Arte Ederren Bilboko Museoaren bildumaren zati garrantzitsu batekin, eta egitasmo honetarako bereziki sortutako eta Tabakalerak ekoitzitako artelan berriekin osatuko dena.
Erakusketa 2023ko ekainean inauguratuko da, eta urte horretako abendura arte egongo da ikusgai, Arte Ederren Bilboko Museoaren handitze-lanek irauten duten bitartean. 60 obra baina gehiago egongo dira ikusgai bertan, eta horien artean maisulantzat jotzen diren hainbat pieza. Artelanak Bilbotik Donostiara etorriko dira, museo bateko bildumatik sorkuntza garaikideko zentro batera, ohiko ibilbidearen alderantzizko bidaia batean.
2015ean inauguratu zenetik Tabakalerak hartuko duen erakusketarik handiena da. 1.500 m2-ko erakusketa gunea izango du, erakusketa eremua 500 m2 baino gehiago handituko baita, horrela, ibilbide zirkularra sortuz lehen solairuan zehar.
That Time. Artearen aroak erakusketak Samuel Beckett eleberrigile eta antzerkigileak 1974ko ekainaren 8tik 1975eko abuztura ingelesez idatzi zuen That Time obra du abiapuntu. Obrak hiru ahots ditu, eta horiek, aldi berean, hiru denboratara garamatzate. Ahots horiek ikuslea denboraren hiru alderdiren aurrean jartzeko bertutea izango lukete, orainaren ideiarekin erraz uztar daitezkeenak: iraganaren oraina, orainaren oraina eta etorkizunaren oraina.