Aho batez hautatu dute Goia EAJren alkategai, hirugarrenez
Jakina zen arren, Eneko Goia izango da EAJren Donostiako alkategaia 2023ko udal hauteskundeetarako, horrela berretsi baitute aho batez alderdikideek azken asteetan garatutako prozesuan. Goiak Donostiaren “aurrerapenarekiko bere konpromiso pertsonala” eta EAJ berarena berretsi ditu, “guztion artean hiriarentzat etorkizun oparo bat eraikitzeko”.
Alderdikideekin eta jarraitzaileekin egindako ekitaldian, Eneko Goiak beregan jarritako konfiantza eskertu du Donostiako alkate hirugarren legealdiz izateko.
Goiak gogorarazi duenez, EAJk Donostian ehun urte baino gehiagoko historia du, 1911n Donostiako Udaletxean lehen zinegotzia izan zuenetik. Orduz geroztik, “jeltzaleen konpromisoa hiriarekiko erabatekoa izan da gaur arte, eta horrela izaten jarraituko du etorkizunean ere”, adierazi duenez.
Eta hiriaren etorkizunaren aldeko konpromiso horren adibide da, alkatearen iritziz, Espainiako Gobernuaren Defentsa Ministerioarekin lortutako akordioa Loiolako Kuartelen lursaila erosteko: “Ezinbesteko pieza izango da hiriaren etorkizunarentzat, izan ere, bertan, milaka donostiarrek errealitate bihurtu ahal izango dute euren bizitza proiektua”.
Alkategai jeltzaleak balioan jarri du Donostiak azken zazpi urteetan izan duen eraldaketa: “Proiekturik gabeko hiri batekin topatu ginen. Gaur, zazpi urteren ondoren, harro esan dezakegu Donostia hazi egin dela, hobeagoa dela eta eraldatu dela. Hiri egonkorra da eta, horri esker, hainbat proiektu martxan ditugu eta etorkizun oparoa dugu”.
Donostiako alkateak esan du, egun Donostia Estatuko per capita errenta handien eta langabezia tasa txikien duen hiria dela, eta horrek erakusten duela funtzionatzen duen hiria dela.
Halaber, Goiak adierazi du, argi duela zein izan behar duen apustua: “Aurrera egiten jarraitzeko ezinbestekoa da hiritarrekin, hiriko elkarteekin, gizarte-eragileekin eta gainerako erakundeekin elkarlanean jarraitzea. Izan ere, sarean sortutako hiri-ereduan sinesten dugu, hain zuzen ere, guztion artean saretzen dugun hiri-ereduan. Ez ordea batzuek duela hamaika urte ezarri nahi izan zuten eta porrot egin zuen eskema bertikal batean “GBBren presidenteak honakoa esan du: “Herria eraikitzeko ezinbestekoa da errespetua oinarritzat izatea, eta ez inposaketa. Eta horretarako herritarren eskutik joan behar da, eta akordio politiko eta sozial zabalak lortu behar dira”.
Egibarrek azpimarratu du EAJ-PNVren ekintza politikoak hiru zutabe dituela: “Herri bat existitzen dela sinesten dugu, erabakitzeko eskubidea duen herria. Printzipio demokratikoetan sinesten dugu, baita justizia sozialean oinarritutako ekintza politikoan. Sinesten dugu gizon eta emakume askeak dituen herri aske batean”.