Astiñeneko zubi berriaren ibilbide sigi-sagatsua
Lau urte luze behar izan ditu udalak Egia eta Loiola lotzen dituen azpiegitura egiteko. Arazoak arazo, lanak nabarmen luzatu dira eta 3,3 milioi eurokoa izan da bukaerako aurrekontua.
Ireki dute, baina bukatu gabe. Azaroaren 24an inaugurazio ekitaldirik gabe zabaldu zuten Astiñeneko zubi berria. Eguraldi petralarekin, euripean, gurutzatu eta estreinatu zuten pasabidea ibilgailuek, oinezkoek eta bizikletek. Donostiako Udalak 2018an adjudikatu zituen zubi berriaren lanak, eta 2019ko apirilean hasi zuten obra. Ordutik aurrerakoa, ibilbide sigi-sagatsu bat izan da, pasabidearen egituraren parekoa.
Gazi-gozoa izan da irekiera Egiako, Loiolako eta Loiolako Erriberako auzo elkarteen iritziz. Hedabide honek hiruekin hitz egin du, Astiñeneko zubi berria ireki ostean. Hiruek kritikatu dute udalaren kudeaketa, azpiegitura berriaren prozesua «gehiegi» atzeratu delako. Azkenik, ordea, ireki dutela nabarmendu dute.
Zubi berriaren jatorria azaltzeko, denboran atzera egitea komeni dela dio Karlos Trenor Egia Bizirik auzo elkarteko kideak: «2017ko udan adierazi zuten zubi zaharra erabiltzea arriskutsua zela, eta itxi egin zuten. Hilabete ugari eman zituen itxita, eta jendea haserretu zen. Orduan, bazirudien, azkenean, zubi berria berehala egingo zutela. 2017ko irailean, udalak lau haizetara zabaldu zuen hemezortzi hilabetean zubi berria eraikita egongo zela. Hau da, 2019ko martxorako». Hori izan zen udalak emandako lehen epea, eta ez azkena.
2018ko otsailean zubi berria 2020ko udarako prest egongo zela adierazi zuen udalak. «Proiektu berri bat zirudien. Ordenagailuarekin egindako simulazioak erakutsi zizkiguten. Egian eta Loiolan sinetsi genuen oraingoan aurrera egingo zutela», gogoratu du Trenorrek.
Iragarpen zerrenda
2020ko urtarrilean aurreikuspena 2021era atzeratu zuen udalak. Gero, 2021eko urrira. Azkenik, 2022an zabalduko zela iragarri zuten, baina epea etengabe atzeratuz. Lehenik, apirilerako irekiko zela esan zuten. Bigarrenik, uztaileko lehen hamabostaldirako. Hirugarrenik, irailaren 16rako. Azkenik, urtea bukatu aurretik zabalduko zela adierazi zuten udaleko iturriek. Azken iragarpenarekin asmatu dute.
Zubi berriaren proiektuak pilaturiko atzerapena «lotsagarria eta onartezina» dela esan du Trenorrek: «Obra gaizki planifikatu eta kontratatu zen. Enpresa adjudikaziodunak aldatu zituzten eta aurrekontua igo zuten. Desastre hutsa izan da». Udaleko arduradun batzuk «lotsatuta» daudela gaineratu du. «Proiektuaren exekuzioa gehiegi luzatu da denboran, eta, gainera, zubia bukatu gabe ireki dute», nabarmendu du.
Iritzi berekoa da Estitxu Artano Loiolako Urumea Ibaia auzo elkarteko kidea. «Auzoko hirigintza batzordetik esan dezakegu ez gaudela oso pozik Astiñeneko zubiarekin. Amaitu gabe ireki dute, espaloia jarri gabe», azaldu du Artanok. Horrekin batera, oinezkoentzako eta bizikletentzako seinaleztatu gabe dagoela kritikatu du: «Oraindik ez dakigu nondik joan behar duten. Une honetan, oinezkoen espaloia bidegorri batean amaitzen da».
Bestalde, kezkatuta daude zubia egiteko erabilitako materialen hondakinekin. «Zain gaude ea zenbat denbora behar duten zubi zaharra eraisteko, eta ea hondakinak biltzen dituzten edo ur bazterrean nahiz ibaian bertan botata uzten dituzten. Hondakinak ibaira erortzen dira eta inork ez ditu jasotzen», ohartarazi du Artanok.
Egia eta Loiola lotzen dituen azpiegitura bada ere, Astiñeneko zubia erabili ohi dute Loiolako Erriberako auzotarrek. «Zubi berriaren eraikuntza beranduegi hasi zen. Aurreikusita zegoena baino askoz beranduago. Horrek ekarri zuen zaharra birgaitu behar izatea segurtasunagatik. Gainera, obrak hasi ondoren, geldialdia egon zen. Orokorrean, gehiegi iraun dute», dio Arantxa Fernandezek, Loiolako Erriberako Auzo Elkarteko presidenteak. Mezu baikor bat ere helarazi nahi izan du: «Denbora asko eta diru asko kostatu den arren azkenean emaitza ona izan da, eta zubi berria askoz hobea da».
Bukatu gabe ireki dute Astiñeneko zubi berria, eta udalak ez du argitu lanak behin betiko noiz bukatuko diren. Oraindik oinezkoentzako pasabideko espaloia jartzea eta ingurua urbanizatzea falta da. Horrekin batera, zubi zaharra botako dute, eta hasi dira pixkanaka eraisketa prestatzen.