Donostia eta Pasaiaren muga ainguratu duen obra
Erakusketa bat inauguratu berri du Ricardo Ugartek Okendo Kultur etxean, bere bikotekide Julia Otxoarekin eta bere seme Urko Ugarterekin batera. Hiriari irudia ematen lagundu duen artista bat da.

GAUR taldearen barruan kokatzen duten arren, Ricardo Ugarte (Pasaia, 1942) ez zen sekula GAUR taldean egon. Euskal Eskulturaren Eskolan bai, eta bertako ordezkari gazteena izan zen: “Eskola hori osatzen genuen Jorge Oteizak, Nestor Basterretxeak, Eduardo Txillidak, Remigio Mendiburuk eta bostok. Gaztetxoena nintzen ni. Tamalez, ni neu geratzen naiz bakarrik”.
Barandiaran galerian bere lehen erakusketa egin zuenetik, asko dira artistak egin dituen erakusketak, eta asko irabazitako sariak. Tartean, Amaran kokatua dagoen Estela lan ezaguna. 1969. urtean Donostiako Udalak estreinakoz antolatu zue hiriko Eskultura Bienala 1971era arte baino ez zuten antolatu, eta Ugarte izan zen irabazlea, Estela eskulturarekin, hain zuzen. Saria izan zen, besteak beste, bertan jartzea obra.
Estela obraz gain, Ugarteren lanak itsasoarekin harreman estua du. Brankak eta aingurak dira, hain zuzen, Okendoko kultur Etxean ikus daitezkeen lanak. Brankek itsasoa mozten dute, eta hegan doaz uraren gainean. Aingurek, aldiz, oreka eskaintzen dute.
Aingura da, hain zuzen Ekialdeko donostiarrentzat ezinbesteko eskultura bat.
Pasaiarekin muga
Aingura Budapesteko nazioarteko erakusketan egon zen, eta gero, 1991. urtean, Pasaiako portuak obra bat eskatu zionean berrartu zuen obra Ugartek: “Kaiko aurreratze batean jartzeko lan bat eskatu zidaten, zati horretatik abiatu, eta han jarri zen”. Gerora, itsasontzien joan-etorria aldatu zela-eta, aingura kendu egin zuten. Arantzazuko Apostoluen moduan, urte asko eman zituen lurrean botata, ez aurrera, ez atzera: “Bolumen txikiagoko eskultura bat erraz koka dezakezu; baina tamaina horretakoa, ez”. Ez ditu eta alferrik aingurak 20 metro.
Urteak igarota, 2008an, portuko lehendakaria zenak bi espazio eskaini zizkion Ugarteri. Horietako bat izan zen, hain zuzen, Gomistegiko biribilgunea.
Lekuz eta kolorez aldatu
Ugarteri asko gustatu zitzaion, besteak beste, Donostiaren eta Pasaiaren muga bihurtu delako: “Niri asko gustatzen zait espazio hori, konplexutasun bat duelako, erorketa bat eta abar”. Konpondu dugu. Aingura mugitu eta pieza zurrustatu zuen. Izan ere, lehen gorriz margotuta zegoen. Honela kontatzen du Ugartek: “Pasaiako kaian jarri nuenean, edukiontzi pila bat zituen atzean, eta horiek aldatzen doazen kolore-masa bat dira; kontraste-elementu bat izatea bilatu nuen. Horregatik margotu nuen gorriz”.
Gomistegiko biribilgunera pasa zenean, ez zen kolore horren beharrik: “”Nire eskultura guztiak herdoilduta daude, eta, aingura batentzat, zer hoberik itsasoarekin duen kontaktuaren ondorioz oxidatuta egotea baino”. Gorria zena, herdoil bihurtu zuen, beraz Ugartek.
Harrotasunez begiratzen dio Ugartek bere lanari: “Ainguraren biribilgunea izena hartu du jada. Eta zer hoberik artista batentzat, zure obrak espazioari izena ematea baino”.
Eskulturak eremu publikoan egon behar duela aldarrikatzen du Ugartek: “Jendeak parte hartu egiten du, eta hiriaren alderdi intelektual eta espiritualaren parte bihurtzen da”. Amarako Estela oroitu du: “Txikitatik eskultura hor ikusi duten gazteek, euren bizitzaren parte sentitzen dute. Hirian egoteko eta izateko moduaren parte bihurtzen da eskultura”.