"Ez zaizkit sekula gustatu 'revival'-ak"
Mal de Ojo rumba talde mitikoaren sortzailea da Adrian Perez donostiarra (Erdialdea, 1960). Hogei urtez agertokietatik aldenduta egon ostean, igande honetan itzuliko da Bukowskira, bere azken lana aurkeztera: 'Lasai ederrean' (Balio Dute, 2022). Telmo Trenor, Unai Pelayo, Andoni Olaetxea, Iker Vazquez, Iñigo Ozaeta eta Elena Ramirez izango ditu lagun.

Nolakoa izan da berriro disko bat grabatzea?
Oso xumea. Nik Unai Pelayo ilobari bota nizkion hainbat kanta, eta berak, grabatu behar genituela esan zidan. Pandemia garaian egin nituen, bata bestaren atzetik. Grabaketa ere, pretentsio eta konponketa gehiegirik gabe. Gustura geratu nintzen, eta horretan geratzeko modukoa iruditu zitzaidan. Nik ez nuen ez aurkezpenik, ez ezer egiteko asmorik, baina materiala eskuartean genuela, zuzenean aurkezteko gogoa sartu, eta Unaik Pelaxeko taldekideei proposatu zien elkarrekin jotzeko.
Talde elegantea bildu duzue.
Pentsa, nire adinaren erdia daukate haiek, nire seme-alabak balira bezala, edo gazteagoak akaso. Ni lokalera joan nintzen ikustera ea gustuko ote zuten, eta segituan sumatu nuen harrera ona, gustura zeudela, eta haientzat erronka txiki bat izateaz gain, berezia ere bazela. Musikari handiak izateaz gain, elkarrekin jotzera ohituta daude, eta kimika handia dute. Ez dakit haiek ikaragarri ilusionatuta dauden, baina ni bai!
Aurkezpena non eta Bukowskin.
Argi nuen Egian izan behar zuela. Egiak izaera propioa du, eta auzo honekin harreman berezia dut, nahiz eta auzo honetakoa ez izan. 14-15 urterekin etorri nintzen Egiara, deserrotuta nengoen erabat, eta topatu nuen auzo oso bizi bat, oso eskuzabala. 1977an barrikada izugarriak egon ziren, eta auzoa itxita geratu zen, erabat. Izaera propioa zuen auzo bat ikusi nuen, mugimendu asanbleario izugarriarekin.
Nola sentitu zara itzultzean?
Revival horiek amorru izugarria ematen didate, ez zaizkit sekula batere gustatu. Atzera begiratzea gaizki dagoela iruditzen zait, proposamen berririk ez duzun bitartean ez du merezi. Oraingo honetan zerbait berezia egiten ari gara, nire aldetik behintzat ikuspuntu ezberdin bat badudalako eskaintzeko.
Ez da gutxi disko bat aurkeztea.
Diskoaz gain, esateko zerbait badudala uste dut, eta hartaz, egokia dela zuzenekoan aurkeztea. Beldurrak ere baditut, ez dut uste inor nitaz gogoratzen denik, eta bost axola zait, baina nahiko nuke jendea etortzea, banda goxatzeko. Ni gustura nago jende gutxirekin eta xume eginda.
Zer da esateko duzuna, bada?
Ez da gauza bera 20 urte dituzula edo 40 dituzula gauzak esatea; izakera eta pentsakera ez dakit aldatzen ote diren, baina ikuspuntua bai; zer esanik ez, 62 betetzear ditudala! Nire ikuspegia ezberdina da orain. 50 urtetatik gora bizitza egon badago! Eta zer esanak ere!
Disko bat 20 urte eta gero. Nolatan?
Nahiko segidan etorri dira kanta guztiak. Nik nahiko boladaka sortzen dut. Marrazkigintzan beste horrenbeste; akaso bi, hiru, lau koadro egiten ditut jarraian, gogoa dudalako, presarik ez dudalako. Gai komun bat bazuela ikusi nuen: orain artean landu gabeko gaiak heriotza eta dolua, adibidez. Harilki bat ikusi nuen eta hari tiraka disko itxura hartu zuen.
20 urte hauetan eduki al duzu beste sormen sukarrik?
Egia esan, Mal de Ojorekin gaizki bukatu nuen. Jendearen harreragatik, batez ere. Egun ez dakit ondo nola diren zuzenekoak, baina orduan jendeak ez zuen berebiziko interesik musikarekiko. Azken kontzertuetan jendea ikusten nuen tragoa hartzen, euren burua erakusten besteen aurrean; sozializatzera behar bada joaten ziren bai, baina musikarekiko harremana zeharo galduta zegoen. Tabernako wifia izango balitz bezala kasik! Zarata bat, gure aurpegiak erakusteko erabiltzen duguna, baina besterik ez. Euskal Herriko zirkuituarekin nekatuta bukatu nuen; Euskal Herria txikia da eta hamaika buelta eman ondoren, zentzurik ez nion ikusten. Nazkatuta bukatu nuen eta esan nuen kito, honaino iritsi da hau. Harreragatik batez ere?
Ez bakarrik harreragatik, totum revolutum bat da. Harrera esparru bat da, baina horrekiko zuk duzun harremanak ere eragina du. Kutsatu egiten zara: «Hau kakaren hurrena da, ez du merezi buelta gehiegirik ematea». Kaka nahaste kutsakorra da. Musika proposamen ezberdinak atera ziren, eta gure proposamenetik oso urrun zeuden, eta inork ez zuen interesik gurean. Beraz bazterrera joatea erabaki nuen eta kito.
Talde garrantzitsua izan zen Mal de Ojo bere garaian.
Kontraesanak bilatzeko erabili genuen. Euskal Herri fededun, euskaldun eta ikurriñaduna genuen aurrean, eta esan genuen: ijitokeria batzuk egingo ditugu, eta egingo ditugu euskaraz. Alegia, euskara baliagarria da edozer, edonola egiteko. Hori izan zen hasierako proposamena. Herri txikietara joaten ginenean, jendea aho bete hortz geratzen zen, guztiz aluzinatuta: «Zer ijito klase dira hauek, eta, gainera, euskaraz!». Txoke hori oso eraginkorra zen, eta batez ere, oso erakargarria probokatzen jarraitzeko. Zer alde txar duen horrek? Bada, kokatzen zaituzte torero-bombero etiketarekin. Oraindik edonora noala,badator baten bat «jo ezazu rumba pare bat!». Ni gainera, ez nintzen bereziki rumba zalea; dibertitzeko bidea zen [barrez].
Hiru disko atera zenituzten, ezta?
Zazpi!
Zazpi?
Bai, eta ia denak autoekoizpenak! Gaztelupeko Hotsakekin pare bat disko egin genituen. Bestela, dena egiten genuen guk, horrek duen nekearekin ere. Alternatiba bakarra zen guk nahi genuen martxan eta moduan egiteko. Seguruenik diskoetxe batek bestelako eskakizunak izango lituzke, guretzat biderik zuzenena zen autoekoizpena.
Rumbaz harago aritzen zineten ordea.
Bai, Mal de Ojorekin rantxerak, tangoak eta bestelakoak egiten genituen ere. Eta nik nire bidea egin nuen Haragi Gordiña proiektuarekin.
Hemendik aurrera jarraituko al duzu?
Honelako istorioek behar dute jarraikortasun minimo bat gogoa mantentzeko. Sormena egiteko babesa behar duzu, eta bultzada bat. Jarrera ona ikusiz gero, batez ere taldekideekiko, bada akaso egin genezake beste zerbait. Eta ez bada, ba, nik jarraituko dut nire martxan sortzen, beti bezala, espektatiba xumeekin. Ez daukat inongo interesik bira ikaragarriak antolatzeko. Gauza xumeen zalea naiz.