Hitzaldiak, mahai inguruak, performanceak eta festa, Feministaldia bukatzeko
Azken txanpan sartu da Feministaldia, kultura feministaren jaialdia. Hala ere, oraindik hainbat jarduera dituzte aurretik, bihar bukatuko baita.
Eddie Circa musikaria. (Argazkia: Feministaldia) Asteazkenean hasi zen XVII. Feministaldia, Ahoa narras lelopean. Dagoeneko hainbat jarduera egin dituzte, baina azken bi egunak gelditzen dira oraindik, eta festa handi batekin bukatuko dute kultura feministaren jaialdia. Jarduera guztiak, festa izan ezik, Tabakaleran izango dira.
Hitzaldi batekin hasiko dute gaurko eguna: Arauetan ezin kabitu! hitzaldia eskainiko dute Itziar Reguerok eta Mijo Lizarzaburuk, 18:00etan, Z aretoan. 19:30ean, Arrastoak gozamenarekiko proportzionala izan behar du hitzaldi permormatiboa eskainiko du Namorada kolektiboak, espazio berean.
Bihar, aldiz, goizean goizetik hasiko dira jarduerak. 11:00etan, Plazandreok eta Feministaldiaren inguruko elkarrizketa mahai ingurua egingo dute Maider Zilbetik, Irene Ormazabalek, Asun Urbietak eta Juana Arangurenek, Z aretoan. 12:30ean, Gran Sol-etik Petare-ra. Gure arrastoak solasaldia eskainiko dute Eneka Fernandezek, Leire Ibargurenek eta Danele Sarriugartek, espazio berean.
Arratsaldean, Bidearen alabak hitzaldia emango dute Anna Fuxek eta Fatima Aspitirouk, 17:30ean. Ondoren, 19:00etan Haitz Biberoia performancea egingo du Elena Aitzkoak. Azkenik, 21:00etan, Tripak kolektiboaren eskutik, Pasiaran ibilaldia egingo dute.
Musika, tatuajeak eta performanceak
Ibilaldiaren ondoren, jaialdiaren bukaerako festa hasiko da: 22:00etan, Parte Zaharreko Etxekalte tabernan. Denetarik izango da festan: Personaje Personajeren Cabayo performancea, Eddie Circaren eta Bihotza eta kika1000 DJ-en musika eta Fabiola Espiga, Alazne Zubizarreta eta Ahuntzaren eztula tatuatzaileekin tatuatzeko aukera.

