Javier Garcia Cogorro enpresariarentzat izango da 2023ko Urrezko Danborra
Bozeramaileen Batzordeak erabaki du 2023ko Urrezko Danborra Javier Garcia Cogorrorentzat izatea.
Garcia bioteknologiaren arloan 35 urte baino gehiagoko esperientzia duen ekintzaile eta inbertitzailea da. Viralgen Vector Core-ko burua da, bektore biralen fabrikazioan zentratutako nazioarteko lehen mailako enpresa. Biozientzietan eta bioteknologian espezializatuta dago, eta arrisku-kapitaleko Columbus Venture Partners fondoaren sortzailea eta zuzendaria da.
25 urte eman zituen Eli Lilly & Co. enpresan, business development eta informazioaren teknologietako kargu exekutiboetan. Estatu Batuetan bizi izan da 20 bat urtez. Columbus Children’s Foundation eta Columbus Fundazioaren sortzaileetako bat ere bada. Matematikako (Estatistika eta Ikerketa Operatiboa) lizentziatura bat ere egin zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.