San Silvestre lasterketako irabazleek jantziko dute
Emakume eta gizon azkarrenei jarriko die txapela IRUTXULOKO HITZAk.
Abenduaren 31an izango da 37. San Silvestre Donostiarra, eta hedabide honek bere laguntzaile izaera indartuko du. Horrela, emakume eta gizon azkarrenek IRUTXULOKO HITZAren txapela jantziko dute. Easo plazatik abiatu eta leku berean izango dute helmuga 7,8 kilometroko ibilbidea egin ondoren. Izen-ematea helbide honetan egin behar da.
Lasterketak aldaketa esanguratsu bat izango du. Irteera 14:00etan izango da, iragarritakoa baino bi ordu lehenago. Amara Kirol Elkarteak eta Donostiako Udalak elkarrekin harturiko erabakiak lasterkarien partaidetza bermatzea du helburu. Izan ere, abenduaren 31n Realak ligako partida jokatuko du Anoetan. Gainera, euskal derbia izango da, Osasuna izango dutelako aurkari. Neurketa 16:15ean hasiko da.
San Silvestre txikia
Egun batzuk lehenago egingo dute San Silvestre txikia. Hilaren 24an izango da Easo plazan, 16:00etan. Izen-emate solidarioa 3 eurokoa da. Bost kategoriatan ariko dira haurrak: 4-5 urte (100 metro), 6-7 urte (220 metro), 8-9 urte (375 metro), 10-11 urte (565 metro) eta 12-13 urte (1.130 metro). 17:00etan txokolate jatea egingo dute Geltoki okindegiaren eskutik.