Itziar Alduntzin donostiarrak brodatuko du Bertsolari Txapelketako irabazlearen txapela
Bertsolari Txapelketa Nagusiko sari emaileak iragarri ditu Bertsozale elkarteak. Bertsogintzako kide esanguratsuez gainera, euskalgintzan eta kulturgintzan bidelagun dituzten lagunek emango dituzte sariak hilaren 18ko finalean. Besteak beste, Irantzu Idoatek, Sagrario Alemanek eta Edurne Azkaratek.
Aldaketa bat ere bada txapela brodatzeaz arduratzen denari dagokionez. Azken urteotan 2019an zendutako Ana Zaldua billabonatarrak brodatutako txapela jantzi izan zaio txapeldunari. Aurten, ordea, Itziar Alduntzin donostiarrak hartu du txapeldunaren garaikurra osatzeko ardura. Kontxako Banderak josten 30 urte baino gehiago esperientzia du Alduntzinek.