"Konfiantza falta argudio eskasa iruditzen zaigu"
Donostialdeko ESIko zerbitzuburuen gehiengo zabalak hitz egiteko mahai bat proposatu dio Osasun Sailari, "marra gorririk" ezarri gabe.
Gaur arratsaldean, Donostialdeko ESIko krisialdiari buruzko azalpenak emateko agerraldi jendetsua egin dute hainbat zerbitzuburuk Gipuzkoako Medikuen Elkargoaren egoitzan. Mahaian sei mediku eta espezialista eseri badira ere, ESIko zerbitzuburuen gehiengo zabalaren izenean hitz egin dute. Izan ere, 47 zerbitzuburuetatik 42k babestu dituzte agerraldian egindako eskaera eta aldarrikapenak.
“Momentua iritsi da Donostiako Ospitalea, Donostialdeko ESI eta lehen mailako arreta zerbitzua babesteko. Gipuzkoar guztion ospitalea da”, adierazi du Jon Zabaleta Kirurgia torazikoko buruak. Horrekin batera, pasa den astean Osakidetzak egindako kargugabetzeak kritikatu ditu: “Ez zaigu aproposa iruditzen inolako arrazoirik eman gabe zuzendaritzako bi pertsona kargugabetzea. Gure ustez, Osakidetzak harturiko neurrien arrazoiak azaldu behar ditu. Egon gaitezke ados edo ez, baina gutxienez arrazoiak eman behar dira. Eman diguten arrazoi bakarra da konfiantza falta areagotu dela. Konfiantza falta argudio eskasa iruditzen zaigu”.
Hitz egiteko mahai bat proposatu diote Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, eta harturiko erabakiak zuzentzeko. Batez ere, kargugabetu dituzten ESIko zuzendaritzako bi kideei “merezi” duten aitortza egin diezaieten. Horrekin batera, Donostiako Ospitaleko eta lehen mailako arretako baliabideak hobetzea eskatu dute, eta bakoitzak erabakiak hartzeko “era apropos bat” izatea.
Eskaera zerrenda
Osakidetzako zuzendaritzari hainbat eskaera zehatz egin dizkiote: Donostialdeko ESIa ez banatzea, Onkologikoa bere barruan integratzea eta aholkulari mahai bat sortzea erabakiak egoeraren arabera aztertzeko. Baliabideak deszentralizatzeko beharra ere aipatu dute, eta lan eskaintza publikoak eguneratu behar direla ohartarazi dute. Onkologikoaren egoerari dagokionez, informazioa falta zaiela esan dute, baina osasungintzaz kanpoko arrazoiak daudela gertatzen ari den guztiaren atzean.