Ibaeta Basket garaipenaren bila doa Txekiara
Ibaeta Basketek Zabiny Brno talde txekiarraren etxean jokatuko du gaur arratsaldean (18:00), Europakokopako multzoen faseko azken aurreko partidan. Talde donostiarrak soilik partida bat irabazi du Europan, eta, hain justu, Zabinyren aurkako joanekoa izan zen, Gasca kiroldegian, azaroan. Horregatik, garaipen hori errepikatu nahi du orain etxetik kanpo Azu Muguruzaren taldeak.
Hala ere, hurrengo fasera pasatzea zaila izango da donostiarrentzat. Izan ere, gelditzen zaizkion bi partidak irabazi egin beharko lituzke, eta Lyonek jokatzeke dituen hiru neurketetako bi galdu beharko lituzke. Multzoen faseko azken neurketa etxean jokatuko du Ibaeta Basketek, Montpellierren aurka; datorren asteazkenean.
Donostiarrak ez dira une on bat pasatzen ari, ligan emaitza txarrak lortzen ari baitira azkenaldian, eta, horren ondorioz, hamabigarren postuan daude. Horregatik, Zabinyri irabaztea bultzada garrantzitsua izan daiteke Muguruzaren taldearentzat; ez horrenbeste Europan aurrera egiteko, baina bai ligan bolada txarrari buelta emateko. Hain zuzen ere, aurkari zuzen baten aurka jokatuko dute igandean: Estudiantesen aurka.