Jadiku donostiarraren beste eskultura bat jarriko dute Vielhan, Blanca Fernandez Ochoaren omenez
Josean Quevedo Jadiku Añorgako eskultoreak Blanca Fernandez Ochoa (1963-2019) Madrilgo eskiatzaile olinpikoaren omenezko eskultura bat jarriko du Vielha herrian (Herrialde Katalanak). Hurrengo larunbatean inauguratuko dute eskultura, hilaren 17an. Jadikuk Vielhan izango duen bigarren obra izango da, Parkean eskultura ere han jarri baitute aurten. Pandemian bilobak zaintzen zituzten aitona-amonak omentzen ditu obra horrek, eta 2020an ikusgai jarri zuen Aieteko parkean aldi baterako. Iaz, Añorga Txikin jartzeko eskaera luzatu zion artistak Donostiako Udalari, baina udalak uko egin zion eskaintzari.
Fernandez Ochoa Madrilgoa zen, baina asko ibiltzen zen Vielhan, eskiatzeko pistak baitaude herri horren inguruan; hain zuzen ere, horregatik omenduko dute. Jadikuk ere denboraldi luzeak pasatzen ditu Vielhan, berak ere eskiatzen baitu. Jadikuk Fernandez Ochoaren omenezko eskultura bat egiteko proposamena luzatu zion Vielhako Udalari, eta onartu egin zuten.
Horrela, obra Tolosako tailer batean egin dute, eta hainbat kolorezko uztai olinpikoek osatuko dute, altzairu herdoilgaitzezko hodiekin egindakoak. Uztaiak lau tonako harrizko idulki baten gainean jarriko dituzte. Idulkiak 1,5 metroko altuera izango du, eta eskulturak beste horrenbeste; beraz, multzoa hiru metrokoa izango da guztira. Orain, azken ukituak ematen ari dira, Vielhan bertan.
‘Toka’ eta ‘Zergatik’
Jadikuk bi eskultura ditu Donostian: Toka Aieten eta Zergatik Añorgan. Toka Manuel Matxain Aieteko bertsolari eta kirolariaren omenezko obra da, Matxainen jaiotzaren mendeurrenaren harira egindakoa; 2016an bete ziren 100 urte bere jaiotzatik. 2017ko urriaren 12an inauguratu zuten. Zergatik, aldiz, 1979ko maiatzaren 25ean jarri zuen Añorga Txikin. Obrak esanahi berezia du, baina artistak momentuz ez du publiko egin nahi izan esanahi hori. Hedabide honek elkarrizketa zabala egin zion Jadikuri ekainean.