Elkarrekin jositako bi bizitza, bi kultura
Moda etikoa, jasangarritasuna eta bidezko merkataritza. Balioek eraiki dute Luma proiektua. Maider Gaztelumendik sortu zuen proiektua Max Mbayerekin batera, eta bi biografiek osatzen dute, hain zuzen, egitasmoa. Joskintzaz harago, arlo soziala garatzeko helburua dute orain, senegaldarren eta euskaldunen artean zubiak eraikiz: "Etorkizuna aniztasuna delako".
Senegalera hainbat bidaia egin zituen Gaztelumendik Mbaye ezagutu aurretik. Urte batzuetara joskintzarekin zuten harremanak batu zituen euren bideak. Senegaldarren eta euskaldunen arteko harremana du oinarri Luma proiektuak. Maider Gaztelumendik (Egia, 1993) sortu zuen 2020an, Max Mbayeren laguntzarekin (Guédiawaye, Senegal, 1992). Moda etikoa oinarri duen proiektua da Luma.
Aitarekin Senegalera
Gaztelumendiren aita eskuekin lan egitekoa izan da betidanik, egurrarekin eta abar. Txiki-txikitatik datorkio beraz Gaztelumendiri artisautzarekiko pasioa. Aitarekin duen harremana zeharo aldatu zen nerabe zenean: “18 urte inguru nituenean, aita gaixotu egin zen; alboko esklerosi amiotrofikoa du (AEA)”. Lana utzi behar izan zuen aitak, eta Oiartzunen, bere gurasoen etxean, txoritoki bat sortu zuen, eta Gaztelumendi han egoten zen aita laguntzen. Hortik dator, hain zuzen, Luma izena.
Lagun senegaldar bat zuen sasoian Gaztelumendik, Massamba. “Aitari aurkeztu nion, eta Senegalera joan zen batean, aitak esan zidan hara joan behar genuela, bisitan”. Eta horrela izan zen lehen bidaia: “2016an aitarekin, gurpildun aulkiarekin… Nire bizitzako bidaia izan zen! 24 orduz aita zaintzen, janzten, garbitzen… erokeria hutsa!”
“Joan ginenean Massambari gutxieneko batean lagun zezakeen galdetu nion. Ohe altu bat behar genuen aitarentzako niri berdin zait lurrean lo egitea eta komun irisgarri bat behar genituen. Ohe altua bai, baina komun irisgarria ez genituen lortu. Massambaren senide baten etxean egon ginen. Bertakoekin elkarbizitza erabatekoa izan zen”.
Bogolan oihalak
Irakaslea zen orduan Gaztelumendi, eta ez zuen lanez aldatzeko asmorik. Lehen bidaia hartan tela afrikar koloretsu batzuez maitemindu, eta hona ekarri zituen. Aurrerago, beste bidaia bat egin zuen, berriz ere aitarekin. “Oraingo honetan, ordea, aulki elektriko bat genuen eta auto bat alokatuta, eta beste bidaia mota bat egin genuen”.
Bogolan oihalak ezagutu zituen orduan Gaztelumendik; Maliko oihal tradizionalak dira bogolan oihalak, Maliko bambara emakumeek sortuak, komunikazio tresna moduan: “Irudi bitartez irakasten zieten haurrei, tela hauen bidez. Nik ezagutu nituenean maitemindu egin nintzen tela horietaz”.
Tela horiekin eskuetan, Euskal Herrira itzulera egin zuen, eta argi zuen, lehenago edo beranduago, martxan jarriko zuela bi herrialdeak batuko zituen artisau proiektua.
Jostuna gazte-gaztetatik
Oso Bestelakoa da Max Mbayeren bizitza, eta Luma proiektuarekin duen harremana. Gaztetatik argi izan zuen zein izango zen bere bizitzaren norabidea, bideak espero zituenaren bestelakoak izan ziren arren.
“Bizitza osoa kalkuluak egiten egon nintzen”. Lau urtez enpresa batean lanean egon zen, diru pixka bat egin eta bere proiektua abiarazteko: “Hori zen nire filosofia. Lanean egon nintzen sasoian, amari laguntzen nion, alokairua ordaintzen eta abar. Baina gainontzekoa josteko makinak eta materialak erosteko erabili nuen”.
“17 urte nituenean, emakume baten garaje bat jo nuen begiz. Diru asko eskatzen zuen, baina zartatu samar zegoen. Gaztea nintzen arren, konponduko nuela esan nion. Ez zidan preziorik jarri, eta lagun batekin, igeltseroa bera, materiala erosi genuen eta hor hasi ginen lanean”.
“Bonbo-clap, bonbo-clap“, jo eta su aritu ziren lanean, eta lokalak arrakasta handia izan zuen. “Oso ezaguna nintzen; neurriak hartzen nizkien bezeroei, modeloak moztu, josi… denetarik egiten nuen”.
11 urterekin hasi zen joskintza ikasten Mbaye: “Nik lau arreba ditut. Gure amak kakahueteak saltzen zituen, lan asko egiten zuen, eta lagundu nahi nion”. Oso gaztea zen, baina berak argi du: “Gaztea zarenean ikasi behar dira gauzak, oso erraz sartzen dira”. Hor jada hasi zen lehen bezeroak edukitzen, eta fama handitzen.
Dendaren proiektua gora beherekin hasi zenean, bere lagun batek Europara egin zuen bidaia. Italiatik deitu zion lagunak; josten irakatsi ziola eta, eskerrak eman nahi zizkion, eta Europako bidaia nola egin azaldu zion.
Senegaldik Italiara
Europarako bidaia “oso zaila izan zen, oso gogorra”. Senegaldik atera eta Mali, Burkina Faso, Niger eta Libia gurutzatu zituen. “Agadez hiritik (Niger) abiatu ginen, eta Libiako basamortuan zortzi egun eman genituen, pick-up batean”. Etxetik atera zenetik Libiaraino zazpi hilabete eman zituen: “Egoera oso zailak bizi dira han: gerrak, jendea salerosten dute, edozein unetan sar zaitzakete kartzelan… Iragan gogorra dut, horregatik orain ez nago jolasetan ibiltzeko. Ez dut denborarik horretarako”.
Libiatik Italiarako bidea izan zen arriskutsuena: “650 lagun gindoazen barkuan. Bata besteari helduta, hankak gurutzatuta, blokeatuta, bata bestearen gainean. Gauza oso zaila da, imajinatzeko ere zaila egiten zait. Banekien horrela zela, eta lasaiago nengoen, baina oso gogorra zen”.
“Goizeko lauretan iritsi ginen Italiara”. Italiara iritsiera bi hitzetan laburtu du: “estresa eta hotza”. Iristerakoan, polizia zain zuten. Mbayek polizia bati begiratu, eta argi ikusi zuen: “Triste zegoen. Ikusten ari zenarekin triste. Zure bizitzan kalean denbora asko egon bazara, badakizu nolakoa den jendea. Onak, gaiztoak… Oso azkarrak gara gu gauza horietan”. Ordubete baino gehiago bere aurpegia irakurtzen egon zen, pateratik jaitsi gabe. Azkenetarikoa izan zen jaisten, eta zuzenean polizia horrengana joan zen: “Mesedez, utziko didazu nire amari deitzen? Atzeko aldera eraman ninduen orduan, eta zigarro bat eman zidan. 40 minutuz itxaroteko esan zidan, eta itzuliko zela”. Pateran egondako lagunek deitu egin zioten, baina Mbaye bertan geratu zen. Azkenean itzuli zen polizia hura, eta Samsung Galaxy berri bat, 150 euro eta tabako pakete bat eman zizkion, “ordutik erretzen dut Horizon marka bera”. Istorioa harrigarria dela onartzen du Mbayek, baina “poliziak pertsonak dira, eta haiek ere euren beharrak dituzte”.
Italiatik Euskal Herrira
Hilabete batzuk Italian eman ostean, Eibarrera joateko erabakia hartu zuen, bertan zuelako osaba. Eibarren hiru urte eman zituen kalean saltzen: aterkiak, galtzerdiak, zapatilak… Josten jarraitu zuen ere, lagun batek oparitutako makinarekin. Enkargu txikiak ziren, “josten ez ahazteko”. Kalean saltzea oso arraroa eta zaila dela dio Mbayek: “Jendeak begiratzen zaituen modua jasanezina da batzuetan. Nola erantzuten dizuten, adibidez, ‘ez dut ezer nahi’ zakar erantzuten dute, esan beharrean ‘ez, eskerrik asko’… Badakizu zer? Aurpegiek hitz egiten dute, eta hor ikusten nuen nola gutxiesten gintuzten”.
Argi du Mbayek ez zaiola gustatzen salmenta ibiltaria: “Leku bat hartzen nuen eta hor egoten nintzen zain. Ondo zihoan, tira, alokairua ordaintzeko lain”.
Joskintzak batu
2019an Gaztelumendi Mbayerekin jarri zen harremanetan: “Dantza afrikarrak egiten genituen, eta ikuskizun baterako jantziak behar genituela-eta, Maxi eskatu nizkion”. Telefonoz izan zuten harremana, eta gerora eduki zuten elkar ezagutzeko aukera.
Lekeitioko jaiak ziren, eta Mbaye, bere osabarekin duen Afrika Baax Yaye musika taldearekin ari zen jotzen. Izan ere, Senegalen etnia eta kultura ezberdin ugari daudela azaldu dute, eta Mbaye eta bere sendia gewelak dira, hau da, artistak, “Youssou N’Dour musikari ezagunaren moduan”.
Handik egun batzuetara, berriro elkartu ziren. “Euskaldunak oso lotsatiak zarete”, dio Mbayek: “Asko itxaroten duzue, oso poliki zoazte, eta guk dena azkar egiten dugu; nik ezin dut itxaron”. Gaztelumendik kontatu zion egunen batean bere marka eduki nahi zuela: Luma. “Badago Senegalen merkatu bat, Luma izena duena!”, esan zion Mbayek, eta bitan pentsatu gabe: “Ni prest nago laguntzeko!”.
Luma, balioetan oinarritutako proiektua
Gaztelumendik bere irakasle lana utzi eta proiektuari jarraikortasuna eskaini zion. 2019ko irailean Casamancera joan zen (Senegal) eta han erosi zituen lehen bogolan oihalak eta orduan sortu zuen Diola izenarekin lehen bilduma.
Joskintza proiektuaz gain, balioetan sustraitzen den proiektua da Luma. Bidezko merkataritza da ezaugarri nagusia: “Maliko artisauekin kontaktua daukagu eta telak haiek saltzen dizkigute zuzenean”. Aniztasuna da beste balio garrantzitsua: “Hasieratik erakutsi nahi izan dugu nondik gatozen, gure istorioa zein den. Max eta biok gara: ez da zuri bat Afrikara joaten dela eta hor deskubritzen duela ez dakit zer. Lurretik eta guretik sortutako proiektu bat da”. Jasangarritasuna da proiektuaren beste zutarrietako bat; moda azkarraren aurrean iraunkortasunaren aldeko apustu argia delako artisautza.
Lumaren lehen urratsak egin dituzte jada eta Mbayeren ustez “maila bat lortu dute” dagoeneko. Azokaz azoka ibiltzen dira, eta enkarguak jasotzen dituzte ere.
Oraindik ordea, beste koska bat igo behar dutela uste dute. Mbayek Kendu enpresan egiten du lan, marka handientzako seinaletika eta dekorazio lanak egiten. Goizeko seietan joaten da egunero Hernanira, eta arratsaldean itzultzen da tailerrera. Egunen batean biek enpresa berean lan egitea gustatuko litzaieke. Eta poltsa eta osagarriez gain arropa egin nahi dute, gizon eta emakumeentzat. Noiz? galdetuta, erantzuna argi dute: “Bidean goaz”.
Alderdi soziala abian: GuÑun
Luma proiektuaren balioen artean, aniztasuna nabarmendu dute, eta aniztasun hori lantzeko bide berriak garatzeari ekin dio bikoteak aurten. Koopfabrika programak bidelaguntza eskaini, eta Teila Fabrikan dagoen Harago aholkularitzako Aran Erasunek lagundu die. Finantzaketa kolektiboko kanpaina bukatu berri, GuÑun proiektua abiatuko dute aurki.
‘GuÑun’ euskaraz eta woloferaz esanahi bera duten gu eta ñun hitzen arteko lotura da. “Lumaren ildo sozialaren aldeko apustua egiteko beharra sentitu dugu, elkarrekin lan eginez eta komunitate hori ‘GuÑun’ proiektuaren bidez zabalduz. ‘GuÑun’ komunikazio gida batekin hasiko da, eta produktu, eduki eta topaketen plataforma digital batekin jarraituko du ondoren”.
Mbayek eta Gaztelumendik etxean wolofera eta gaztelera hitz egiten dute. Euskarazko hitzak sartzen hasi direla onartzen dute, baina hiriaren hizkuntza errealitateak ez du laguntzen, “ogia erostera joan eta ez dakite euskaraz”.
Gaztelumendik argi ikusten baitu eremu honetan lan egiteko beharra. “Ditugun senegaldar lagunek euskaraz hitz egitea nahiko nuke, ez gazteleraz, erdibidekoa hori da-eta. Gure gaitasun handiena da hizkuntzak nahastea”.
Helburu nagusia, “euskaldunen eta senegaldarren artean espazioak egotea da, elkar ezagutzeko. Kultura aldetik berdintasun itzelak ikusten ditut” dio Gaztelumendik: “hizkuntza ikasteaz gain, kultura bera partekatzeko espazioak sortzea da gakoa”.
Kultura eta hizkuntza erabat lotuta daude: “Haien errealitate eta kultura hizkuntzaren bidez ikasi dut, bestela ezin zara barruraino sartu. Etorkizuna hori da, plurala da. Seme alabak izango banitu, wolofera eta euskara presente edukitzea nahiko nuke”.
Senegaldar komunitatea asko elkartzen da, familia egiten dute: “Kristoren komunitatea dute”. Badira Euskal Herriko herri batzuk, are sendoagoa dena sortzen ari diren komunitatea, Ondarroan, adibidez. “Bertan, gainera, euskaldunak dira”, nabarmentzen du Gaztelumendik. Hiriburuan ezberdin ikusten du egoera, hizkuntza nagusia gaztelera delako, “gurea ere bai, noski”.
Kultur aniztasuna modu askotan landu daitekeela eta landu behar dela nabarmendu du Gaztelumendik. “Gu hasiko gara senegaldarren eta euskaldunen arteko komunitatetik, horren parte garelako eta hor eragin nahi dugulako”.
Woloferak euskararekin batera bere bidea egingo du Euskal Herrian, senegaldarren eta euskaldunen komunitateek bat egiten badute. Integrazioa ez delako jatorria ahaztea: dagoenarekin bat egin eta berri bat sortzea, baizik. Eta horretarako ezinbestekoak ditugu ereduak.