Osakidetzak urak harrotu ditu Donostia Ospitalean
Donostialdeko ESIko zuzendaritzako bi kide kargugabetu ditu, eta, ondorioz, beste arduradun batzuek dimisioa eman dute. Era berean, gertaturikoa salatzeko hainbat zerbitzuburu elkarretaratzeak egiten hasi dira ospitalearen aurrean.
Azken egunotan Osakidetzak harturiko erabakiek zeresana eman dute. Batez ere, Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuaren zuzendaritzan egindako bi kargugabetzek harrotu dituzte urak. Itziar Perez zuzendari kudeatzailea eta Idoia Gurrutxaga ospitaleko zuzendari medikoa dira kargutik kendu dituztenak. Bi kargugabetzeen ondoren, beste hainbat arduradunek dimititu dute: Adolfo Begiristain kirurgia zerbitzuko zuzendariorde medikoak, Maite Martinez mediku zuzendariordeak eta Loreto Marquet erizaintza zuzendariordeak.
Osakidetzaren Zuzendari Nagusiarekin eta Osasun Sailarekin dituzten desadostasun «sakonengatik» eman dute dimisioa. «Goitik beherako» erabakiak inposatzea egotzi diote Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gidatzen duen Osasun Sailari, eta osasun sare publikoa «era diktatorialean» kudeatzea. Are gehiago, Osakidetzako zuzendaritzaren kudeaketa eredua «bertikala» dela salatu dute.
Zerbitzuburuen gutuna
Donostiako ESIko 30 bat zerbitzuburuk gutun bat helarazi zioten Sagarduiri pasa den astean. Osakidetzako «zuzendaritza orokorreko buruak berehala kargugabetzeko» eta ESIko zuzendaritzako kideak berriz euren postuetara itzultzeko eskatu diote Osasun sailburuari. Osakidetzaren «politika suizida» salatzea izan da gutunaren helburua.
Donostia Ospitaleko kudeaketa krisia salatu eta «zentzugabeko erabaki eta zigorrekin» egoerak goia jo duela nabarmendu dute. Itziar Perez eta Idoia Gurrutxaga ESIko zuzendaritzako kideak kargugabetu izana azken «erabaki okerra» izan dela adierazi dute. Azaldu dutenez, zerbitzu publikoaren barneko ataletako zuzendaritzetako kideen ahalmena murrizten ari dira Osakidetzako buruak, eta, horren ordez, zuzendaritza zentrala «indartzen» ari da, horietako kideak «irizpide politikoen arabera» aukeratuz, eta ez «trebetasun eta merituen» arabera.
Ez ditu arrazoiak argitu
Donostia Ospitalean gertaturikoa azaltzeko agerraldia egin zuen astelehenean Sagarduik. Kargugabetzeen atzean «hainbat gertakari» daudela adierazi zuen, nahiz eta ez zuen argitu zeintzuk diren. «Aldaketen helburua erakundea eta zerbitzua hobetzea da», nabarmendu zuen.
«Osakidetzan erakunde guztiek rol jakin bat dute, eta horiek osatzen dituzten pertsonek ere bai. Proiektuak partekatua izan behar du: Sare bat gara. Eta Donostialdeko ESIren kasuan, une batean, motibo batengatik edo beste batengatik, batzuek ez dute ikuspegi hori partekatzen. Horrek, gertaeren kate baten ondorioz, gomendagarri egin du pertsona aldaketa bat: ikuspegiak partekatzeko zailtasunak zituztelako», azaldu zuen Osasun sailburuak.
Bestalde, gaineratu zuen Agustin Agirrek eta Ana Bustinduik hartu dituztela zuzendari kudeatzailearen eta zuzendari medikuaren karguak, eta Agirrek lehen bilera izan duela jada Osakidetzako zuzendaritza nagusiarekin eta Donostialdeko ESIko zuzendariorde eta zerbitzuburuekin.
Eneko Goiaren kezka
Kargugabetzeen eta dimisioen aurrean, Eneko Goia alkateak gertaturikoaren inguruko iritzia plazaratu zuen asteartean komunikabide batean egin zioten elkarrizketan. Batez ere, kezka bat nabarmendu zuen: «Donostia Ospitaleak duen erreferentzialtasuna galtzeak asko kezkatzen nau. Hartu beharreko erabakiak hartu beharko dira ospitaleak eskaintzen duen zerbitzua bermatzeko, eta herrialdean duen erreferentzialtasuna mantentzeko».
Sorturiko krisia konpontzeko, Goiak esan zuen «beharrezkoa» dela Osakidetzako eta Donostialdeko ESIko zuzendaritzen arteko «komunikazioa eta elkarrizketa».