"Porrot politiko bat irudikatu nahi genuen"
EKIDA arte ekimen sozialistak antolatuta, 'Agirretarren Bandera' ikuskizuna eskainiko dute ostegunean, 19:30ean Antiguako frontoian. Ainhoa Mariezkurrena Etxabe (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1991) eta Ane Biain Arrieta (Parte Zaharra, 1999) obrako aktoreek eman digute ikuskizunaren berri.
Ainhoa Mariezkurrena eta Ane Biain, EKIDAko kideak. (Argazkia: Xalba Ramirez) Nondik dator ‘Agirretarren Bandera’?
Ane Biain (A.B.): Ekida arte ekimenetik sortu da, antzerkia arte diziplina lantzeko. Istorio baten bidez ideia batzuk jarri nahi genituen mahai gainean, gure proiektu politikoari ekarpena egiteko. Hamaika lagun ibili gara, antzezleak, gidoilariak, teknikariak eta musikariak barne [zuzeneko musika egiten du Eñaut Zubizarreta txelo joleak]. Aitona baten heriotza kontatzen da, eta bere bi alaben eta biloben istorioa kontatzen du. Hil ondoren etxe bat uzten du oinordetzan, eta etxe horren bueltan kokatzen da istorioa. Belaunaldien arteko talkak, familiako kideen arteko harremanak…
Familia baten istorioa kontatzen da, baina ez dugu familia horren historia kontatu nahi: edozein langile familiaren historia kontatu nahi dugu. Oso aktuala da, pertsonaiekin edonor sentitu daiteke identifikatuta –obra amaitzean jende asko etortzen zaigu bere ama edo bere burua ikusi duela kontatzen–. Gaur egungo gaiak, kezkak eta egonezinak kontatzen dira. Istorio hau erabiltzen dugu kontatzeko ziklo politiko baten amaiera, eta beste berri baten beharra irekitzeko beharraz hitz; orain arteko kultura politikoak balio ez duela, eta proposamen politiko berriak eraiki behar ditugula adierazteko.
Ainhoa Mariezkurrena (A.M.): Porrot politiko bat irudikatu nahi genuen. Aitonaren heriotzarekin hasten da obra –adinik ez da esaten, baina demagun 100 bat urte dituela–, horrek adierazten duen guztiarekin, atzera begira, bai historikoki, eta bai politikoki eta sozialki. Heriotza horrekin pertsonaren heriotza baino gehiago irudikatzen da; sinbolikoki ziklo politiko baten amaierari ekin nahi genion hasieratik, gaur egungo egoera oholtzara ekarriz. Anek esan moduan, belaunaldi ezberdinak dira, aitonaren bi alabak beste bizipen bat dute eta bilobak ere: gazteenak 19 urte ditu, eta bestea ere lanean hasi berri. Bestelako ikuspegi bat dute bizitzarekiko, gaur egun guztiz despolitizatuta dagoen gizarte baten begiradatik bizi dute egoera. Badaude kontzientzia maila ezberdinak eta hor sortzen da talka.
Mezuari garrantzia berezia eman diozue, baina ideia etorri da lehenik edo istorioa?
A.M.: Ekidaren proposamenetik abiatu zen hau guztia. Lehenago Manifestua izeneko emanaldia izan zen, eta beste arte diziplinetara zabaltzeko gogoa zegoen, besteak beste, antzerkira. Antzerkiaren eta idazketaren inguruan ibilitako hainbat kide batu ginen, eta eztabaidatzen aritu ginen, bai Ekidaren funtzio politikoaz, eta baita ere, ze gai oholtzaratu nahiko genituzkeen. Ideiak aterata, inprobisatzen aritu ginen, pertsonaiak sortzen eta abar, eta gutxika joan zen osatzen istorioa.
Nolakoa da horrelako proiektu bat egitea modu ez profesionalean?
A.B.: Pixka bat eromena izan da. Asmo argi batek batzen gintuen: antzerkiari funtzio politiko bat ematea, eta gogo horrek batzen gintuen. Gu militante garen heinean ere, beste adar baten moduan ikusi dugu hau. Antzerki klaseak edo obrak egindako batzuk bagauden arren, lan kolektibo bat egiten inoiz ez genuen egin.
A.M.: Taldean erabakiak hartzeak prozesua aberasten du, baina batzuetan oso geldoa izaten da ere. Edonola, lan banaketa bat egin zen, idazten abilagoak zirenak gidoia egiten jarri ziren, kide batek antzerki ikasketak eginak zituen eta berak zuzendari lanak eta kanpoko begirada eskaini zituen, adibidez. Gidoia egin genuenean, eta egitura bat osatu genuenean, Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala aktoreei erakutsi genien obra, gomendiok jasotzeko.
Aldaketarik egon zen?
A.M.: Kolpea jaso genuen. Gauza asko proposatu zizkiguten, baina aste pare bat besterik ez genuen lanketa hori guztia egiteko.
A.B.: Polita izan zen ere. Entseguetan barrura begira geunden, eta kanpoko batek, lehendik ezer ez dakiena, bestela ikusten du. Gomendio asko egin zituzten, eta eztabaidak egin genituen zer moldatu eta zer ez, baina egia da kristoren laguntza izan zela; asko txukundu zuen emaitza.
Antzerkiaren funtzio politikoaz ari zaretenean, zertaz ari zarete?
A.B.: Antzerkiak edo arte diziplina guztiez hitz egiten dugu. Artea bada politikari ekarpena egin diezaioken edo politika egiteko tresna bat. Antzerkia aukeratu genuen, horretan ibiliak garelako, baina baita ere, ikusten diogulako potentzialitate bat guk egunerokoan aurrera daramagun proiektu politikoa elikatzeko; gure tesiak edo gure ideiak plazaratzeko beste modu baten bidez. Agirretarren bandera-ren kasuan, arazo bat aurkezten dugu eta aterabide bat proposatzen dugu, sinisten dugun hori.
Militantzia espazio serio eta formal moduan planteatzen da normalean. Umoreak zein paper jokatzen du?
A.B.: Obrari naturaltasuna emateko bidea da. Militantziaren gainean estereotipo asko daude, baina militante oro gara pertsona normalak, bizitza nahiko normalak ditugunak, umorea erabiltzea asko gustatzen zaigunak. Gaiak beti landu beharrean modu serio, zurrun eta negatibo batean –batzuetan esaten digutelako zurrunegiak garela–, umorea landu beharra dago ere. Dibertigarria egiten du, baina baita erreala ere.
A.M.: Ikuslegoa identifikatuta sentitzen delako funtzionatzen du umoreak. Umore sinplea arriskutsua izaten da ere, klitxeetan erortzen dena. Gu pertsona normalak irudikatzen saiatu gara, jendea identifikatuta sentituko dena. Geure buruaz barre egiten dugu ere.
Zirkuitu ezberdina proposatu duzue.
A.M.: Leku ezberdinetan egiten saiatu gara: antzerki aretoak, plazak edo frontoiak. Gure helburua zen antzokietatik harago joatea eta denon eskura jartzea antzerkia. Saio guztiak doan izan dira.
Zer moduzko harrera izan du?
A.B.: Oso pozik gaude. Azpeitian egin genuen estreinaldian 600 bat lagun batu ziren, eta gerora, Euskal Herriko txoko ezberdinetan aritu gara, harrera ederrarekin. Guk ez genuen egin soilik militanteentzat obra bat, eta inguruko jendeaz harago iritsi gara. Jende gazte asko ari da etortzen, horietako asko normalean antzerkira joaten ez diren arren, gustura ikusi dutela diotenak, baina nabarmendu nahi dugu heldu asko ere ari dela etortzen; horrek bereziki pozten gaitu.
A.M.: Norentzat egin nahi genuen obra ere bazen galdera bat. Azken saioak, hiriburuetan dira, ostegunetan, espresuki ikasleengan pentsatuta.



