Belartzako betelan ilegaleko harriak beste obra batean erabiliko dituzte
Hiru urte eta erdi bete dira EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuenetik Belartza Goikoa eremuko isurketa legez kanpokoa zela.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak atzo jakinarazi zuenez, Belartzako harri betelan ilegala urtea bukatu aurretik hasiko dira erretiratzen. Donostiako Udaleko batzordeetan adierazi zuen, EH Bilduk egindako interpelazio bati erantzunez. Arzallusek gaineratu zuen 65.000 metro kubikoko harri multzoa beste obra batean erabiliko dituela isurketaren errudunak. Hau da, Valeriano Urrutikoetxea enpresak.
Udalak pasa den astean izan zuen enpresa zigortuaren asmoen berri, eta harri horiek kentzeko konpromisoa hartu zuten. Arzallusek, ordea, eperik ez zuen eman eta ez zuen argitu harri horiek zein obratara bideratuko dituen lursailaren jabeak.
Hirigintza zinegotziak nabarmendu zuen harriak erretiratzeko lanak lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko asmoa zuela udalak. Dena dela, enpresak harriak kentzeko konpromisoa hartu duenez, asmo hori gelditu dutela adierazi zuen.