Bertso final handirako prest dira zortzi bertsolariak
Igandean izango da Bertso Txapelketa Nagusiko finala, eta zortzi bertsolariek agerraldia egin dute Nafarroa Arenan. Txapelketan hiru donostiarrek parte hartu duten arren, Beñat Gaztelumendi izango da hiriko ordezkari bakarra, hirugarrenez jarraian.
Asteburuan Berria-n emandako elkarrizketan azaldu zuenez, orain arteko bi finaletan “itzalean” sentitu da Añorgako bertsolaria, eta aurten, arantza hori kendu, eta erritmoa markatzeko asmoz joango dela adierazi du.
Goizeko hamaiketan hasiko da Iruñean lehenbiziz jokatuko den Txapelketa Nagusiko finala, eta arratsaldeko saioa, 17:00etan. Sarrerak irailerako agortuta, 13.000 lagun inguru bilduko dira Nafarroa Arenan eta ehunka lagunek jarraituko dute telebistaz, sarean zein irrati bidez.
Urtebete atzeratu da
Bertsozale Elkarteak gaur goizean egin du finaleko prentsaurrekoa. Bertan izan dira Gontzal Agote Lehendakaritza Taldeko kidea, Oier Iurramendi antolakuntza burua eta zortzi finalistak: Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Joanes Illarregi eta Amets Arzallus.
Pandemiak urtebetez atzeratzera behartutako Txapelketa Nagusia izan da 2022koa eta bertso plazak geldialdia jasan ondoren etorri da. Testuinguru hori ekarri du gogora Gontzal Agotek: “Esan izan dugu askotan bertso plaza dela bertsolaritzaren hauspoa eta hura gabe ez dela txapelketa ulertzerik”.
Iñaki Muruak jarriko dio irabazleari txapela, bertsolaritzan egin duen “eragile lanaren aitortzan”. Berarekin batean, beste lau pertsonek banatuko dituzte gainerako sariak: “Bertsozale Elkarteak gure ibilbidean garrantzitsuak diren eta gure jardun eremua konpartitzen duten pertsonei ikusgarritasuna emateko” adierazi zuen Oier Iurramandi antolakuntza arduradunak.
“Plazan dagoen aniztasunaren isla”
Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza Taldeko kideak azpimarratu du txapelketa formatuak ezartzen dituen baldintza bereziekin ere, “txapelketa izan dela plazan dagoen aniztasunaren eta errealitatearen isla: bertsokeran, gaien heldulekuetan, ertzak bilatzeko maneretan, bide berritzaileak urratzen, ekarpenak egiteko ahaleginean, norberaren begirada lantzean… hori guztia eta gehiago eman digu orain arte txapelketak”.
Txapelketa eta plaza hari bereko bi muturrak direla adierazita, finalean ere “bakoitzak beretik, gaur egun bertsogintzaren aberastasun horren lagin ederra izanen dugu” nabarmendu du Bertsozale Elkarteko ordezkariak.
18. Txapelketa Nagusia
1935ean jarri zen abian Txapelketa formatua eta ordutik 18. Txapelketa Nagusia da aurtengoa. Orain arte bederatzi txapeldun izan dira: Iñaki Eizmendi Basarri, Joxe Manuel Lujanbio Txirrita, Manuel Olaizola Uztapide, Xabier Amuriza, Sebastian Lizaso, Jon Lopategi, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus.