Petronorren filial batek Donostiako lehenengo Tokiko Energia Komunitatea sortu du, Berion eguzki plakak ipintzeko
Donostiak lehen eguzki energiako komunitatea izango du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren, Edinorren eta Gureak enpresaren eskutik, “uda bukatu aurretik”. Berioko Gureak taldearen eraikineko estalkian 267 plaka fotovoltaiko jarriko dira energia berriztagarriz hornitzeko inguruko 180 etxe eta denda txiki. TEK Berio deiturikoa (Tokiko Energia Komunitatea), lurraldean trantsizio energetikoaren aldeko apustua indartzeko ekimen gisa sortu da.
Berion egingo den instalazioak 800 m2-ko azalera izango du eta 120 KWko potentzia instalatua. Eguzki energia sortuko du, 1000 metroko erradioan kokatutako etxebizitza eta negozioetarako autokontsumorako erabiliko dena. Horrez gain, TEKen parte hartzen duten auzokoek “nabarmen” murriztuko dute beren elektrizitate faktura, plaketatik kontsumitzen den energia –etxebizitza baten kontsumoaren % 25 inguru– fakturatik deskontatuko delako eta, horrez gain, energia horrengatik ez delako peajerik edo kargurik ordainduko.
Sustatzaileek azaldu dutenez, urtean 750 tona CO2 isurtzea aurreztuko du.
Agintarien parte hartzea
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatu José Ignacio Asensiok, Edinoreko kontseilari ordezkari Juan Diegok, Donostiako Udaleko Ekologiako zinegotzi Marisol Garmendiak eta Gureakeko Berrikuntzako zuzendari Jon Ander Arzallusek aurkeztu diete proiektua bizilagunei gaur.
Asensio diputatuak azpimarratu duenez, “energia, eskubide soziala da eta eredu berria behar du etxeak ahalduntzeko, horiek sistema energetikoaren erdigunean jarrita, energia garbirako sarbidea eta beren fakturan aurrezki ekonomikoa izateko beharrezko tresnak emanda. TEKen bidez, energiaren demokratizaziorako aurrerapausoak ematen dira, baita erregai fosilekiko mendekotasun txikiagoko kulturaren alde ere, kultura efiziente, bidezko eta jasangarriago baterantz; horrek suposatuko du inguru honetan bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzea”.
Donostiako Udaleko Marisol Garmendiak gaineratu duenez, “Donostiak horrelako ekimenen alde egin behar du energia garbia sortuta gure auzoetako familia eta denda txiki askori mesede egiteko. Etxeetako ekonomietarako suposatzen duen aurrezkiaz gain, ekarpen garrantzitsua egiten du isuriak murrizteko eta hiriko politika berde eta jasangarriek aurrera egiteko”. Jon Ander Arzallusek adierazi duenez, “Berioko energia komunitatearekin lankidetzan jardutea proposatu zigutenean, baloratu genuen Gureaken misioarekin bat egiten duen proiektua dela, ekimen publiko-pribatu batek sustatzen duelako eta helburu duelako gizarteari balioa ematea. Hartara, erabaki genuen gure egoitza nagusiaren estalkiko 800 m2 doan lagatzea”.
TEKen proiektuak EBko Next Generation Funtsetako laguntzak ere jaso ditu, zuzenean bideratuko direlarik Donostiako auzo honetako etxebizitzetara eta denda txikietara. Funts horiek bideratu dira, Ingurumen Departamentuaren laguntzarekin, Energiaren Euskal Erakundearen bidez; erakunde horrek bere autokontsumo programan 87.375 eurorekin finantzatu du proiektu hau.
Zer da tokiko energia komunitate bat?
Tokiko energia komunitateek energia berriztagarriaren kontsumoarekin herritarrei eskaintzen diete aukera jasangarriagoa eta ingurumena gehiago errespetatzen duena. Energia Komunitateak eguzki plakak instalatzen ditu udalerriko eraikinen teilatuetan, kontsumitzen den energia elektrikoaren % 25 sortzeko, eta gainerako % 75a jatorri berriztagarriko energiaren erosketa bateratu baten bidez osatzen da, komunitateko kideei merkatuko preziorik onenetarako sarbidea bermatzeko.
TEKeko kide diren auzokoek beren elektrizitate fakturan aurrezkia izango dute, plaketatik kontsumitzen duten energia deskontatu baitzaie; energia autonomia handiagoa izango du, plakak beren etxean bertan instalatuko balituzkete bezalaxe baita, baina inolako instalazio gehigarririk ez egiten behar izatearen abantailarekin. Energia % 100 berriztagarria denez, ez da CO2 isuririk egiten atmosferara. Eta hori guztia etxean instalazio gehigarririk egin beharrik gabe eta hornidura elektrikoa ziurtatuta.
Petronorrek “trantsizio energetikorako” duen filiala da Alba, eta horren parte da Edinor enpresa. Herritarrei aukera “jasangarri bat” eskaintzen die, energia Tokiko Energia Komunitateen (TEK) bidez.