Basque Culinary Centerren Groseko egoitza berria 2023ko udan eraikitzen hasi nahi dute
Joxe Mari Aizega BCCko zuzendariak dio "gastronomiaren etorkizuneko proiektuak prestatzeko eta garatzeko" gunea izango dela.
Donostiako Udalak oraindik ez du behin betiko onartu Basque Culinary Centerren Groseko bigarren egoitzaren hirigintza proiektua. Hau da, U.01 Manteo-AU.01.4 Okendo-Alde azpieremuaren plan berezia. Horrela ere, BCCko zuzendari Joxe Mari Aizegak Noticias de Gipuzkoa egunkarian adierazi du lanak 2023ko udan hastea aurreikusten dutela.
Gastronomy Open Ecosystem (GOe) izango da Groseko bigarren egoitza, eta Olatuen bidea izenarekin aurkeztu zuten proiektua maiatzean. Aizegak eraikin berriaren xedeak zeintzuk diren adierazi du aipaturiko elkarrizketan: “GOeren helburua da gastronomiaren inguruko ekintzailetza, ikerketa eta berrikuntza sustatzea eta bultzatzea, betiere 360 graduko gastronomiaren ikuspegitik. GOe berrikuntzako hub global handi bihurtzea da Basque Culinary Centerren etorkizuneko apustua, Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostiako Udalarekin batera, bertan kozinatu eta etorkizuneko proiektuak garatuko baitira”.
Hirigintza proiektua aurkeztu zen momentutik, hainbat herritarrek kontrakotasuna adierazi dute, eta, ondorioz, SOS Manteo plataforma sortu dute.