Disney Plusek "traizionatu" dituela salatu dute Cabezudoren inguruko dokumental saioan parte hartu zuten emakumeek
Disney Plus plataformak Kote Cabezudo argazkilari eta erasotzaile donostiarraren inguruko En el nombre de ellas (Haien izenean) dokumental saioa ez ematea erabaki du aste honetan, eta horren inguruko oharra plazaratu du Cabezudoren hainbat biktima biltzen dituen Indarka plataformak.
Salatu dute Espainiako Disney Plusek eta bere arduradun Simon Amselemek eta Vincent Sourdeauk “traizionatu” egin dituztela, eta euren “oinazearekin, duintasunarekin eta konfiantzarekin jolastu” direla, “modu doilor eta jasanezinean”. Era berean, azaldu dute “ziur” daudela Disney Plusen azken orduko erabakia “hiru hamarkadaz baino gehiagoz Kote Cabezudoren jarduera kriminalak babestu zituen boterearen ondorio” dela. Ildo horretatik, deitoratu dute “haurtzaroari hain lotua dagoen irudi jakin bat saltzen duen markak [Disneyk], haur pornografiaren eta sexu abusuen biktima izan ginen neskatoei bizkarra ematea erabaki izana”.
Horrez gain, gaineratu dute euren istorioa “bai ala bai” ezagutuko duela jendeak: “Jada ez gara Kote Cabezudok manipulatu eta hautsi ahal izan zituen neskatilak eta nerabeak. Disney Plusek gurekin jolasten den azken aldia irudikatzen du. Dokumentala laster ikusi ahalko du ikusi nahi duen orok. Eta, bi gizonen gaiztakeriaren edo koldarkeriaren gainetik, Simon Amselemena eta Vincent Sourdeaurena (haiek bakarrik jakin dezakete koldarrak baino gaiztoagoak edo koldarrak gaiztoak baino gehiago izan diren), emakume talde honen ausardia eta duintasuna gailenduko dira, ez beste inori ez baitiogu beldurrik”.
“Prozesu traumatikoa”
Indarkakoek azaldu dutenez, Cabezudoren eskuetan lehenengo, eta Ana Isabel Perez Asenjo epailearenetan ondoren “pairatutakoa” dokumentalean kontatzea “oso prozesu traumatikoa izan da”. “Gutako gehienok terapia eta tratamendu psikologikoa behar izan ditugu, berbiktimizazio basatia dela eta”. Horrela ere, bizitakoa dokumentalean kontatzea erabaki zuten, helburu argiekin: “Egia ezagutu dadila, Kote Cabezudoren beste emakume biktima horiei guztiei ahotsa jar diezaiegun, beraientzat inoiz ez baita beste justiziarik izango, elkar ikustea eta entzutea eta indarberrituta sentitzea baino, ezin izan zutelako edo ezin izan zutelako jakin nola salatu, eta haiek zein guk pairatu genuena ez dadila inoiz berriro errepikatu”.
Horrez gain, nabarmendu dute Cabezudoren auzia azaleratu zenetik bizitako prozesu guztiari aurre egin ahal izan diotela biktima salatzaile gehienen abokatu Mario Diezen eta kasua argitaratu zuen Melchor Miralles kazetariaren babesari esker.
Hain zuzen ere, azaldu dute Diezen eta Mirallesen eskutik izan zutela En el nombre de ellas dokumental saioa egin duen Sr. Mono ekoiztetxearen asmoen berri; zehazki, ekoiztetxeko Iñigo Perez Tabernerorekin hitz egin zuten. “Kote Cabezudoren haur pornografiaren eta sexu abusuen historia iluna eta bere inguru guztia argitara emango zuen dokumental bat egiteko konfiantza osoa eman genion, bere jarduera kriminala ezagutu, ahalbidetu, kontsumitu eta/edo parte hartu zuten lagun boteretsuen istorioa ezagutu dadin”, gaineratu dute.
Disney Plusek ez du baldintza bete
Oharra sinatu duten emakumeek azaldu dute hiru baldintza jarri zituztela dokumentala egiteko. “Alde batetik, ematen zuten urrats bakoitzaren berri ematea gure abokatu Mario Diezen bidez, eta nahitaezkoa izatea dokumental saioaren atal guztiak guk ikustea eta gure oniritzia ematea. Bestetik, egia osoa kontatzea, bederatzi urtez jasan dugun instrukzioan epaitegietan agerian geratu den errealitate larriaz ezer gaitzetsi gabe. Azkenik, dokumentala bai ala bai ematea”.
Sr. Monok “berehala” onartu zituen lehenengo baldintzak, baina hirugarrena Disney Plusen eskuetan zegoen. Ordea, iazko abenduan, plataformak dokumental saioa emango zuela iragarri zuenean, pentsatu zuten hirugarren baldintza ere onartuta zegoela. Aldiz, azkenean ez dute eman, Indarkako kideek salatu dutenez, beraiei ere “azalpenik eman gabe”.
Cabezudo kasua
Luzea izan da Kote Cabezudoren auzia, 2013an jarri baitzuten haren aurkako lehenengo salaketa. 2018tik dago Martuteneko espetxean eta urteotan hainbat zigor txiki jaso ditu auzi txikiagoengatik, baina ekainean, 28 urteko eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, haren aurkako auzi nagusian. Bortxaketa delitu batengatik, sexu abusuen beste batengatik, haur pornografiako sei deliturengatik eta iruzurreko bi deliturengatik zigortu zuten; ordea, 217 deliturengatik absolbitu zuten.
Hala ere, zigorrari helegitea aurkeztu diote Espainiako Auzitegi Gorenean akusazio partikularrak (zigorra handitzeko) eta defentsak (absoluzioa eskatzeko), eta, beraz, oraindik ez da behin betikoa.