EH Bilduk turismoari aurre egiteko zortzi neurri aurkeztu ditu
Udal gobernuak Donostiako Turismoko Plan Zuzentzaile berria onartuko du laster, eta EH Bilduk horren inguruko dokumentu bat aurkeztu du gaur. Dokumentuan, zortzi proposamen zehatzez gain, datu eguneratuak eskaintzen dira, hala nola hoteletako plazen kopurua, pisu turistikoen kopurua eta jarduera ekonomiko honi lotutako biztanleria galerek gehien kaltetutako kaleen zerrenda.
Reyes Carrere eta Markel Ormazabalek gaur aurkeztu duten dokumentuan baieztatzen dutenez, azken urteotan Donostia “neurrigabeko hazkunde dinamika batean murgilduta dago, eta horrek ondorio ugari ekarri ditu, horietako batzuk kaltegarriak”.
2015 eta 2022aren artean egondako hainbat datu nabarmendu dituzte. “Goia alkate denetik hiriko hotel, pentsio eta hosteletan bidaiarien sarrera %48 igo da. Izan ere ia 50 hotel-lizentzia berri eman dira. 2015eko ekainetik, etxebizitzaren prezioa %43 igo da erosketari dagokionez, eta %41 alokairuaren prezioari dagokionez”. Salatu dutenez, egoera horren aurrean, alkateak “Donostia beti izan da garestia” erantzuten du, baina baieztatu dutenez, “errealitatea da inoiz ez dela hain garestia izan, ezta hiriko hainbeste eremuetan ere”.
Azkenik, nabarmendu dute auzo turistikoek biztanleria galtzen dutela etxebizitzaren prezio igoeraren ondorioz: “Eta eremu zehatz batzuetan, jarduera turistikoz saturatura daudenetan, galerak %20 gainditzen du, batez ere Erdialdean, Grosen eta Antiguan”.
Donostiarrak “erabakien erdigunean jarriko dituen turismo ereduaren alde” egin du EH Bilduk: “Herritarrek konponbideak behar dituzte, eta horrek eskatzen du gobernantza partekatuaren bidez kudeatzea eta esku-hartze publiko irmoa egitea. Hau da, turismoa gobernatu egin behar da”.
EH Bilduk aurkeztutako neurriak
Hauek dira EH Bilduren ustez epe motzean ezarri daitezkeen lau neurriak:
-
Gros, Antigua eta Erdigunea «eremu ase» izendatzea. Lantaldeak eratu behar dira, auzokideekin eta tokiko eragileekin batera, erabakiak hartzeko eta auzoak bizigarria izaten jarrai dezan.
-
Turismoaren itzulera sozial eta ekonomikoa bermatzea. Turismotik eratorritako irabaziak modu justuan banatu, zerbitzuak bermatu eta lan-baldintzak ziurtatu behar dira. Zentzu honetan, tasa turistikoa ezarri behar da
-
Tour turistikoak arautzea: turista-taldeen kopurua 15 lagunetara mugatuz eta jarduera puntako orduetan mugatuz zenbait eremutan. Tour-operatzaileen jarraipen zuzena egin behar da.
-
Disuasio aparkalekuak: bisitarien oldeak sortzen dituen mugikortasun arazoak eta erdialdearen kolapsoa ekiditeko neurriak hartu behar dira.
Lau hauek dira, “arnas luzeagokoak” diren neurriak EH Bilduren arabera:
-
Ekonomika dibertsifikatzea: Apustu ekonomiko berriak behar dira: berriztagarriak, zaintza, berrikuntza, industria jasangarria…
-
Donostiako auzoen turistifikazio indizea: Indize horrek auzo bakoitzaren saturazio- maila edo karga-ahalmena neurtzeko balioko du, baina, batez ere, biztanleriaren erresilientzia-maila neurtzeko.
-
Etxebizitzen bizitegi erabilera blindatu behar da. Pisu turistikoak arautzeko, lehen solairuko araua berreskuratzea. Eta alokairu tradizionalera itzultzeko neurriak hartu.
-
Gobernantza eredua eguneratzea: Donostia Turismo sozietateari eskumen gehiago emanez.