Gobernu Zibila Kultur Etxe plataformak euren eskaera aintzat hartzeko eskatu dio EAJri
Amara Berriko hainbat auzotarrek Gobernu Zibila Kultur Etxe plataforma sortu zuten 2018an. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak Amara Berrin duen eraikina auzoaren beharretarako erabiltzea eskatzen dute, kultur etxe bihurtuta.
Donostiako EAJk bat egin zuen eskaera horrekin, eta aurreko udal hauteskundeen aurretik helburu gisa hartu zuen. Ordea, 2023ko maiatzeko udal hauteskundeei begira xede hori albo batera utzi duela jakinarazi du plataformak ohar baten bidez. Izan ere, jeltzaleek datozen hauteskundeei begira, Amara izeneko argitalpen bat banatu dute auzoan. “Azken hauteskundeen aurretik, EAJk kaleratu zuen auzoari buruzko argitalpenean, Gobernu Zibila kultur etxe bihurtzea zekarren helburutzat. Lau urte pasa ondoren ez duzue halako aipamenik egin sikiera”, adierazi du plataformak.
Gobernu Zibila kultur etxe bihurtzeko asmoa aintzat hartzeko “garaiz” daudela esan diote EAJri: “Bozketa aurretik egongo da zer esan eta zer egin eta udal berria osatzerakoan. Izan ezazue kontutan halako auzo handi batek, futbol estadio bati itsatsitako kultur etxe desegokia baino gehiago merezi duela”.
Aurreikuspenak
EAJk plazaratu duen argitalpenaren arabera, 30.377 biztanle dituen auzoarentzat parke, geltoki, kirol gune eta bestelakoak eraikitzea aurreikusten dute. “Amarak, Loiolako Erriberak eta Morlansek gune lagunkoiak, bizitzeko egokiak eta jasangarriak eskatzen dituzte. Hain zuzen ere, gazteen zein adineko pertsonen bizitza proiektu guztiak posible egingo dituzten auzoak. Bizi kalitate gehiago eta hobeagoa dutenak”, dio Eneko Goia alkateak argitalpenean.
Hitz horiei erreferentzia eginez, plataformak esan du horren bila dabiltzala beraiek ere: “Horren bila gabiltza gu ere, auzo lagunkoi, bizitzeko egokia eta adin desberdinetako pertsonak bildu ahal izango dituen gunearen bila. Eta gure ustez Gobernu Zibilaren eraikinean osatu daiteke halako zerbait”.