Elbira Zipitriari buruzko dokumentala hilaren 26an estreinatuko dute
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Baleuko ekoiztetxeak elkarlanean sortu dute 'Elbira' lana, eta Kursaalean eskainiko dute.
Hilaren 26an, 40 urte beteko dira Elbira Zipitria Irastortza (Zumaia, 1906 – Donostia, 1982) andereñoa eta euskaltzalea zendu zenetik. Egun horretan bertan, Zipitriari buruzko Elbira dokumentala estreinako dute Kursaaleko Ganbara aretoan, 17:30ean. Sarrera doakoa da, baina aurrez erreserba egin behar da webgune honetan.
Gaur goizean egin dute dokumentalaren aurkezpena Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta lanaren zuzendari Iban Gonzalezek. Fikzio kutsuko dokumentalean, hezitzailearen gertuko hainbat kidek eta adituk parte hartu dute. Zipitriaren bizitzako gertaeretan eta herriari egindako ekarpenean sakontzen du lanak.
“Memoria historikoaren begiradatik ekarpena egin nahi du dokumentalak, baina gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiekin lotura eginez. Bestalde, batetik, gutxi kontatu dugu emakume asko eta askok gerraren aurretik eta ondoren egin zuten lana. Bestetik, Zipitriaren berdinzaletasuna oso agerikoa da bere jardunean. Horretan ere aitzindaria izan zen eta dokumentalak aitzindaritza horri ere erreparatzen dio“, azaldu du zuzendariak.
Testigantzak eta pasarteak
Dokumentaleko protagonistak Zipitria gertutik ezagutu zuten pertsonak eta adituak dira: Mari Karmen Mitxelena, andereñoa, Orixe ikastolako sortzailea eta Zipitriaren laguna; Kontxita Beitia, andereñoa, Zurriola ikastolako sortzailea eta laguna; Mari Karmen Garmendia, andereñoa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia; Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe, ikasle ohiak. Beraiek dira istorioaren narratzaileak, eta beraiek kontatzen dute Zipitriaren jatorria, konpromiso politikoa, Iparraldera ihesa, itzulera eta jarduna.
Horrez gain, dokumentalak fikziozko pasarteak ditu –horietako bat hemen ikus daiteke–, eta horien bidez Zipitriaren bizitza kontatu dute, haren ibilbidean jasotako argazkietan eta dokumentuetan oinarrituz. Iparraldeko egonaldia, Urgull mendira egiten zituen irteerak edota On Jose Miguel Barandiaranekin izan zuen harreman estua dira horietako batzuk. Teresa Lopez de Munainek emango dio bizia andereñoari. Oihana Maritorena, Egoitz Lasa eta Teresa Calo ere agertzen dira, besteak beste.
Kalejira eta meza
Elbira Zipitriaren omenezko urtea borobiltzeko, beste bi jarduera ere egingo dituzte. Larunbatean, hilaren 17an, kantu jira berezia egingo dute Parte Zaharreko Fermin Calbeton kaleko 26. zenbakian –Zipitriaren etxe azpian–, 12:00etan. Txistulariak, dantzariak, bertsolariak eta kantu jirako kideak elkartuko dira. Zipitriaren garaiko bost abesti aukeratu dituzte han abesteko.
Bestalde, hilaren 26an, dokumentala eskaintzearekin batera, San Bizente parrokian Zipitriari eskainitako meza egingo dute, 19:30ean.